Ander Iriarteren bi lan, Malagako Zinema Jaialdira
Film zuzendariaren 'Indarkeriaren oi(h)artzunak' eta 'Judoka' filmak aukeratu dituzte zinema jaialdirako. Hilaren 14an hasiko da jaialdia.

Hilaren 14tik 23ra izango da Malagako Zinema Jaialdia, eta Oiartzunen badute zer ospatua, Ander Iriarte bizilagunaren bi film aukeratu baitituzte.
Indarkeriaren oi(h)artzunak da hautatutako filmetako bat, eta Emakumeak eszenan sailerako hautatu dute.
1982. urtean hil zen Esteban Muruetagoiena Oiartzungo medikua. Bederatzi egunez atxilotuta izan zuen Guardia Zibilak, eta aske utzi eta hiru egunera hil zen jasandako torturen ondorioz. Haren alaba Tamara Muruetagoienak 42 urte daramatza egiaren eta justiziaren bila, oraindik ez baitu jaso poliziaren torturen biktima errekonozimendurik.
Ildo horretatik, urte guzti hauetako mina eta egindako bidea Indarkeriaren oi(h)artzunak filmean jaso dute Ander Iriarte eta Amaia Merino zuzendariek. Dokumentala Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta Film Luze Onenaren Ikusleen saria lortzeaz gain, Amnesty Internationalek aipamen berezia eman zion argitu gabe jarraitzen duten tortura kasuak salatu eta ikusarazteko egindako lanagatik.
Bigarren lana, aldiz, film labur bat da, eta sail ofizialean aukeratu dute. Judoka du izena lanak. Honakoa da film laburraren sinopsia: Nerabezaroa une zaila da. Eskualdeko txapelketarako egun gutxi falta direnean, Judokak eraso arrazista jasan eta krisian sartzen da. Lehiatu ahal izateko, autokontrola eta autoestimua landu beharko ditu.
Bi lanak Mirokutana ekoiztetxeak eta Oiartzungo Udalak babestu ditu.