Gontzal Mendibilen 50 urteko ibilbidea ospatu dute
Igandean Kontu Kantari zikloaren bigarren emanaldia jaso zuen Donibaneko Bonantza elizak. Ehun lagun baino gehiago bildu ziren Mendibilen kontzertu "hunkigarriaz" gozatzeko.

Igandean Kontu Kantari, Pasaiako solasaldi musikatuak zikloaren bigarren emanaldia jaso zuen Donibaneko Bonantza elizak. Ehun lagun baino gehiago bildu ziren bertan Gontzal Mendibil kantautorearen kontzertuaz gozatzeko. Saioa “hunkigarria” izan zela adierazi diote HITZAri bertan izan zirenek. Mendibilen 50 urteko ibilbidea ospatu zen Bonantzan, eta kantautore bizkaitarrak bere abestien errepaso berezia eskaini zien Donibanera bertaratu zirenei, nostalgia eta pasioa uztartuz.
Kontzertuaren lehen zatian 1975ean kaleratutako Zaurietatik dario disko mitikoaren abestiak kantatu zituen Mendibilek, eta Donibanen igarotako garai hura gogora ekarri zuen. Kantautoreak bere ibilbide artistikoaren errepaso sakona egin zuen, euskal kantutegiko klasiko “gogoangarriak” interpretatuz; hala nola, Laster laster, Gogoa non dugu, Kapitalismoak edota Bagare. Abesti horiek publikoaren emozioa piztu zuten eta kantuan hasi ziren Bonantzan bildutakoak. Ondoren, bost hamarkadetako ibilbidean sortutako kantuen ibilbide kronologikoa eskaini zuen.
Igandeko saioa musikan aditua eta komunikabideetan kolaboratzailea den Marta Garciak zuzendu zuen. Angel Unzu eta Iñaki Dieguez musikariak Mendibilekin batera izan ziren Donibanen, eta “giro bero eta hunkigarria” sortu zuten.
Kontzertuaren bukaeran, Aitor Brion Kultura zinegotziak eta Natitxu Etxarri Donibaneko zinegotziak oroigarri berezi bat eman zioten Mendibili. Brionek irakurritako oroigarriak Teo Alberro alkatearen esker oneko mezua zekarren, Mendibilen ibilbidea goraipatuz eta aurreko belaunaldiek egindako lana eskertuz. Mendibilek keinu horiek eskertu zituen, eta esan zuen oraindik ibilbide luzea duela aurretik. Hurrengo astean bere 22. diskoa argitaratuko duela iragarri zuen.
Kontu Kantariren azken emanaldia apirilaren 27an izango da, eta Idoia Asurmendik itxiko du aurtengo ziklo musikala. Bere emanaldia San Pedroko Udal Aretoan izango da, 19:00etan. Eider Perez aktore eta idazleak aurkeztu eta bideratuko du azken saioa.