Kulturarteko topagune izango da bihar Trintxerpe
Martxoaren 8aren programazioaren barruan, udaleko Migrazio eta Berdintasun arloek 'Kulturarteko elkarrizketak emakume pasaitarrekin' topaketa antolatu dute alkateordetzan, 17:00etatik 19:30era.

Martxoaren 8aren programazioaren barruan, Pasaiako Udaleko Migrazio eta Berdintasun arloek kulturarteko topaketa bat antolatu dute Trintxerpeko Alkateordetzan, Kulturarteko elkarrizketak emakume pasaitarrekin izenekoa. Kulturarteko topaketa bihar (hilak 12) izango da, 17:00etatik 19:30era. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete arte.
Biharko saioa hiru zatitan banatu dute antolatzaileek. Lehenik eta behin, Sorburuko Beatriz Zalakainek eta Ana Murciak Zer da emakume izatea kultura ezberdinetan? hitzaldia eskainiko dute. Ondoren, Ikuspegik genero ikuspegian oinarritutako erroldaren datuak aurkeztuko ditu. Azkenik, Emakumeak eta migrazioa film laburra proiektatuko da.