Portuaren eremuan arrantza egiteko debekuaren kontra, elkarretaratzea
Portu Agintaritzak kaiko hainbat eremutan arrantza librea egiteko debekuaren araberako neurriak indartu dituelako, arrantzaleak haserre. Hilaren 23an elkarretaratzea egingo dute San Pedron.

Otsailaren bukaeran Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) gogorarazi zuen portuko uretan debekatua dagoela arrantzatzea bere kudeaketapean diren lehorreko eremuetatik, eta hilaren 1etik aurrera gune horietan aisia arrantzan zeudenak zigortzen hasiko zela. Zehazki Trintxerpeko Hospitalillo, Trintxerpe, Pescaderia 1 eta 2 eremuetan; nahiz San Pedro eta Donibaneko kaietan dela indarrean debekua jakinarazi zuen portuak, eta Zerbitzuen, Poliziaren eta Portuko Erregimenaren Araudiko 64. artikuluan neurri hori jasota dagoela zehaztu zuen. Inguru horietan arrantza librean ibiltzen zirenen artean haserrea eragin du PPAren erabakiak, eta horren aurrean mobilizatzera deitu dituzte arrantzaleak: hilaren 23rako (igandea da) elkarretaratzera deitu dute San Pedron, lonjako zabalgunean, 09:00etatik 11:00etara. Arrantzarako kanaberak eramateko eskatu diete han izango direnei.
Deialdiaren berri sare sozialen bidez izan du HITZAk. Ez du deitzaile jakinik, oraingoz. Elkarretaratzea ezaugarritzeko zabaldu den agirian, arrantzaren zaleek diote eremu horietan jarduera horren debekuak “arriskuan” jartzen duela “belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizio bat”.
Aitortu dute PPAren legediaren berri bazutela aurretik, “baina horren ezarpen zehatza ez da orain arte gauzatu”. Hala, “gutxi batzuek gaizki egindakoengatik, gehiengo bat kaltetua” izaten ari dela azaldu dute arrantzaleek, eta horregatik hasiko dutela protestarako aroa: “Ez gaude elkarbizitzarako oinarrizko neurrien kontra, baina araudiak orekatuagoa izan behar duela uste dugu”.