Ibilaldiaren irakurketa positiboa egin du Bizardia elkarteko mendi taldeak
Markel Galdos Cardeñosoren oroimenez egin zuten ibilaldia pasa den astean. 90 bizilagunek hartu zuten parte joan etorrian.
Pasa den astean egin zuen Bizardia elkarteko mendi taldeak XLIII. ibilaldia, eta egun batzuk igarota, haren balorazioa egin dute. Eguraldiak jendea atzera bota zuela aipatu badute ere, azpimarratu dute bertaratu zirenek “ibilaldi goxo bat” egin zutela, eta datorren urterako beste martxa bat prestatuko dutela.
Bideari ekin aurretik, Markel Galdos Cardeñosoren oroimenez Gurutze auzoan dagoen monolitoan lore sorta bat jarri zuten, eta amaieran eskuko mapa bat eman zioten familiari oroigarri gisara. 90 pertsonak egin zuten bidea, eta datu zehatzak eman dituzte: horietatik 43 ziren emakumeak, eta beste 47ak gizonezkoak. Pozarren kontatu dute, gainera, 90 horien artean bazela hamahiru urteko haur bat. “Bada harrobi bat”, gehitu dute.
Mendi martxari dagokionean, hiru emakume izan ziren azkarrenak, 3 ordu eta 48 minutuan egin baitzuten bidea; gehienek, halaber, bost ordutan egin zuten joan etorria. Hori bai, bidearen amaitu ondoren elkartean elkartu eta denek batera jan eta edan zuten merezitako pintxoak eta edaria.
Horretaz gain, antolatzaileek kontatu dute aurten plastikozko zintak erabili dituztela bidea markatzeko, baina, noski, azken ibiltariak pasa ondoren bertara joan zirela “dena jasotzera behar den bezala uzteko”.
Azkenik, Bizardia elkarteko mendi taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie igandean zein egunaren aurretik boluntarioei egindako lanagatik. “Eta, batez ere eskerrik asko gure mendi festan parte hartzera hurbildu zareten guztioi; errepikatzera animatzen gaituzue”, amaitu dute.
