Antton Kazabonek lau liburu berri argitaratu ditu
'Lanbideletrak', 'Ahatetxo polita eta beste batzuk', 'Itsasoa noraino, haraino' eta 'Kaixo, xomorro!' dira oiartzuarraren azken lanak.
Antton Kazabonek, berriki, beste lau liburu argitaratu ditu: Lanbideletrak; Itsasoa noraino, haraino; Ahatetxo polita eta beste batzuk; eta Kaixo, xomorro!
Lanbideletrak liburua Denonartean argitaletxearekin egin du, eta haren ilustratzailea Jokin Mitxelena da. A-tik z-ra zenbait lanbidez baliatuta, letrak ikasteko alfabeto ganberro eta jostalaria da. Kazabonen hitzetan, hori izan da kontrako noranzkoan egin duen liburu bakarra; alegia, lehenbizi ilustrazioak egin dituzte, eta hitzak idatzi gero. Aurretik egindako Animaletrak liburua bezalakoa da, baina animalien izenak beharrean alfabetoko letrak dira nagusi.
Bigarren liburua Ahatetxo polita eta beste batzuk da, eta hori ere Denonartean-ekin egin du. Kasu honetan, ordea, Jon Zabaleta da ilustratzailea. Amaren maitasuna ardatz duten lau istoriok osatzen dute liburua.
Hirugarrena Itsasoa noraino, haraino da, eta Maiatz argitaletxearekin egin du lana oraingoan Kazabonek. Honetan ere, ilustrazioak Mitxelenak egin ditu. Poema liburua da, eta Joxerra Gartziak egin du hitzaurrean.
Azkenik, Kaixo, xomorro! da oiartzuarraren beste liburuetako bat, eta Mitxelenak egin ditu hemen ere ilustrazioa. Hau, ordea, Amesgile argitaletxearekin egin du. Amak sabelean jaiotzear daraman haurrarekin duen bakarrizketak osatzen du liburua.
