"Proposamenak ez du babes instituzionalik, ezta kontrastatutako bideragarritasunik ere"
Udalak topoaren integraziorako egin duen proposamenaren harira oso kritiko azaldu da PSE-EE, eta udalean ordezkatuta dauden lau talde politikok babestu duten proposamenari "bermerik" ez izatea egotzi dio.
Isaac Palencia eta almudena de La torre PSE-EEko eleduna eta zinegotzia hurrenez hurren.PSE-EE Ezkor azaldu da Errenteriako PSE-EE eta haserre prentsa aurrera. Ez du agerraldirik egin, prentsa oharra helarazi du herenegun, asteartea, udalak aurkeztu zuen Bide berria topoaren hiri integraziorako proposamenaren gainean iritzia emateko. “Bermerik gabeko proiektu bat sustatzeko diru publikoarekin ordaindutako propaganda kanpaina”, hala definitu du, EH Bilduk, Elkarrekin Errenteriak, EAJk eta PPk babestuta une honetan gizarteratze prozesuan den proposamena. Asteartean bertan hasi zituen Errenteriako Udalak batzarrak eragindako auzoetako bizilagunekin.
EH Bilduren gainean jarri du fokua PSE-EEk, eta kanpaina “iraingarria” egitea egotzi dio, “proposamenak ez duelako babes instituzionalik, ezta kontrastatutako bideragarritasunik ere, Eusko Jaurlaritzarekin adostu gabe egin du. Finantzaziorik ere ez du. Seriotasun instituzionalik gabeko proposamena da”. Gainontzeko alderdi politikoekin ez duela landu proposamena egotzi dio EH Bilduri, baita proiektuak memoria ekonomikorik ez izatea ere, “65 miloi eurokoa izango dela esan zaigu, baina inork ez du esan nondik aterako den berez udalari dagokion 32,5 milioi euroko zatia”.
Eusko Jaurlaritzak asteartean bertan oharra helarazi zuen komunikabideetara esateko ez zuela bere gain hartzen proposamena, “oso larria da Eusko Jaurlaritza publikoki atera behar izana proposamena ez duela bere gain hartuko esatera atera behar izana”.
2011ra jo dute, bestalde, sozialistek. Orduan euren alderdiak —1983ko maiatzetik 2011ko ekainera izan da PSE-EE agintean udalean—topoa lurperatzeko teknologikoki bideragarria eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru aldundia eta udalaren artean adostutako finantziazioa zuena prest utzi zuela esan dute, eta EH Bilduk hura gelditzea erabaki zuela 2012an: “Ordutik ez dute ezer egin, ezta egiten utzi ere”. Harago jo dute sozialistek adierazpenetan, eta udalean ordezkatuta dauden bost alderdietatik lauren babesa duen Bide berria proposamena Eusko Jaurlaritzak Galtzarabordan topoa estaltzea eta Erdialdea-Gaztañoko trenbide pasagunea ezabatzea erabaki, eta proiektuak lizitazioan daudenean heldu dela, “marketing kanpaina batekin azaldu da EH Bildu”.
