Apar festa eta bidaia gastronomikoa Gaztañoko jaiei ginga jartzeko
Hilaren 23an, urtero moduan Su Gaua antolatu du Gaztañoko jai batzordeak, ondu duen egitarauaren berri aurrerago emango duela jakinarazi du.
Gaztañoko bizilagunak iazko jaietarako auzolanean.Gaztañoko Jai Batzordea Gaztaloko jaiek ez dute sekreturik jada. Hiru egunerako ondutako egitarau zabal bezain aberatsa oso-osorik aletu du jai batzordeak. Ostiralekoa zabaldu zuen lehenik, larunbatekoa joan den astean, eta aste honetan berriz, igandekoa zabaldu du.
Ez dira goiz esnatuko, aurreko eguneko parrandaren ostean indarrak biltzeko. Eguerdian dute lehen hitzordua, toka eta bote txapelketarekin. Lekukoa gazte izandakoen bazkariak hartuko dio txapelketari; Bukagaitzen egingo dute topaketa.
Arratsaldea, txikienei begirako apar festarekin eta ur txirristarekin hasiko dute, eta igandeko egitaraua bukatzeko, berriz, Gaztañotik Mundura herrien arteko elkartasuna adierazteko bidaia gastronomikoa egingo dute.
Datorren ostiralean, hilak 13, hasiko dira Gaztañoko jaiak eta 15ean bukatu. Horien ondotik, baina, Su Gaua helduko da. Hilaren 23an izango da, eta horren bueltan urtero antolatzen du egitarau zabala Gaztañoko jai batzordeak; egitarauaren berri datorren astean emango duela jakinarazi du.
Jai batzordeak auzotar guztiak deitu ditu, baita auzotik kanpokoak ere, bertaratu eta jaiekin gozatzera.
Igandea, 15
- 12:00: Toka eta bote txapelketa
- 14:00. Gazte izandakoen bazkaria Bukagaitzen.
- 17:00. Apar festa eta ur txirrista, giroa freskatzeko.
- 18:30. Gaztañotik Mundura, herrien arteko elkartasuna adierazteko bidaia gastronomikoa.
