Gure Zumardiaren diseinuaren aurkezpena, hilaren 11n
Gure Zumardiaren diseinurako parte hartze prozesuan izandako emaitzak aurkezteko hilaren 11n, 19:00etan, Antxoko elizan.
Gure Zumardiaren diseinua erabakitzeko parte hartze zabaleko prozesua abiatu zuen Udalak urte bukaeran, antxotarrek plaza berrirako “zer nahi eta behar zuten zehazteko”. Elkarte nahiz norbanakoen ekarpenak jaso zituzten, eta proposamena Euskal Trenbide Sareari helarazi zioten, hark baitu obra gauzatzearen ardura.
Hurrengo urratsa bizilagunei osatutako proposamena aurkeztea izango da: “planoak, hiri altzariak, berdeguneak, zuhaitzak, eta plazaren askotariko erabilerari erantzuteko aurreikusitako zonakatzeak”. Diseinu berriari esker, “Gure Zumardia askoz berdeagoa, bizigarriagoa eta irisgarriagoa izango da, belaunaldi arteko elkarbizitza sustatuko duten espazioekin, eta oinezkoei lehentasuna emango dien begirada batetik abiatutakoa”, Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateaordearen arabera.
Horretarako, aurkezpen saio irekia antolatu dute hilaren 11rako, 19:00etan, Pasai Antxoko elizan. Antxotarrak, herriko eragileak, eta interesatua dagoen edozein gonbidatu dituzte parte hartzera, bertan Laura Re Lozano parte hartze zinegotziak prozesuaren emaitzak aurkeztuko baititu, Garcia Peñilek diseinuaren xehetasun nagusiak azaltzearekin batera.
Azken urteetan obrek “traba eta sufrimendua” eragin dutela jakitun, proposamen berriak “etorkizun desiragarriago eta bizigarriago batera hurbiltzen” lagunduko duela espero du Udalak, Gure Zumardia “gure bihotza” baita.
