'Influencerrak' udatiar, Jantziaren zentroan
Bihar zabalduko du Jantziaren Zentroak doako erakusketa berria beheko solairuan.
Euren janzkerak arrastoa utzi zuen bederatzi emakumeren jantziak ikus daitezke erakusketaren barruan. Azken urteetan jarri dira modan influencerrak sare sozialetan. Ez da ordea berria; moduak bai, agian, baina ez eragiteko gaitasuna. Izan ere, modaren historian atzera eginez gero, janzkera modako bihurtu duten emakumeak beti izan dira. jantziaren Zentroak Uda honetarako Kapitain etxearen sarreran proposatzen duen doako erakusketak XVI mendetik hasi eta 1980 hamarkada bitartean modaren historian izan diren influencer nagusiak jarriko ditu erdigunean.
Bederatzi emakume dira erakusketara eraman dituenak Jantziaren Zentroak: Eva Peron, Jacqueline Kennedy, Lady Di, Eugenia de Montijo, edo Isabel Ia besteak beste: “Guztiek look zehatza sortu zuten ekitaldi publikoetarako helburu jakin batekin, boterea islatzea, gobernu edo monarkiaren irudi izatea, emakumeen ahalduntzea bultzatzea, kasuan kasu”.
Erakusketara bildutakoak bederatzi emakume horien jantzien erreplikak dira. Alboan euren biografia, diseinatzaile gogokoenak, eta estiloaren gaineko informazioa biltzen duten afixak.
Erakusketa doan ikus daiteke bihartik, hilak 7, irailaren 28ra bitartean; larunbatetan goiz eta arratsaldez, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. igande eta jai egunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara.
Bisita gidatu berezia
Hilaren 14tik 22ra bitartean Kapitain etxeko lehenengo eta bigarrengo solairuak itxita egongo dira, erakusketa iraunkorra aldatzeko lanetan ariko direlako. Jantziaren Zentroaren lana barrutik ezagutu nahi dutenentzat bisita gidatu berezia antolatu du zentroak hilaren 21ean. Goiz eta arratsaldez sei laguneko taldeetan ordu erdiko bisita laburra eskainiko dute hiru euroren truke. Une horretan Jantziaren Zentroan prestatzen ari diren jantziak ikusi eta lanean ari direnekin hitz egiteko aukera izango dute bisitariek.
Bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute (klik hemen) edo turismo bulegoko 943 49 45 21 telefono zenbakira deitu.
