Ez dira luzeak izango, baina bai latzak. Iritsi dira Zabarre eta Maria Labaien!
Hasi berri dira 2025eko Mendekoste Jaiak. Zabarrek eta Maria Labaienek eman diete lehen ufada igandean bukatuko diren festei.
Arratsaldean hasi dira 2025eko Mendekoste Jaiak. Ohiko gidoia jarraitu dute lehen emankizunek: urrundik, itsasotik iritsi dira Lezoko kaira Zabarre pirata eta Maria Labaien sagardogilea. Euren asmo bakarra da mendekosteetan pozik izatea Lezon. Asmo horrekin bat egin dutenak asko izan dira, kaian zain zeudenak adibidez. Haur eta heldu, pirata jantzia garaile. Outfit-ean ez dute asko pentsatu behar izan gaur arratsaldez Lezon kalera atera direnek. Piraten tendentzia, nagusi.
Herritik osteratxoa eman, eta udaletxeko plazara iritsi da piraten segizioa. Gatazka izan da han. Handia. Izan ere, Perutxo eta bere tropek, egun osoan probokaziotan izan ondoren, herritarrentzat batere atsegingarriak izan ez diren erabakiak hartu, eta horien berri eman dute gainezka zegoen plazan. Batetik, jendeari egunotan kalean edatea debekatu diote; bigarrenik, jendea ez biltzeko debekua ezarri dute; eta azkenik, lezoarrei zazpi itsasoetan izan diren piratekin harremanak izatea eragotzi die. Beste erabaki gaizto baten berri ere eman du tropen buruak: Maria Labaien sagardogilearen sagardo guztia konfiskatu du. Azken erabaki horrek bereziki piztu du herritarren eta Zabarre eta haren lagunen sua, eta bataila egin beste erremediorik ez dute izan. Izan ere, Perutxoren erabakiek indarrean jarraituko balute, ez zen mendekosterik izango. Gerratxoa egin, eta Zabarreren taldekoak garaile; zazpi itsasotan abentura asko eta potoloak bizitakoak baitira haiek, eta eskubideen aldeko borrokan behintzat ezin ditu inork gainditu, ezta armekin ere. Beraz, debekuak eta murrizketak hitz hutsetan gelditu ondoren, jaiak hasteko prest ziren.
Pirata txikiek, Lur Lacastak eta Iker Askasibarrek, jai zoriontsu, lasai, eta euskarazkoak aldarrikatu dituzte mikrofonoa eskuan zutela herritarrei eskaini dieten hizketaldian. Sinplea dirudi eskaerak; bete beharrekoa. Bi suziriren ondoren Murixkakoek Agurra dantzatu, eta jada ofizialki hasi dira eskualdeko lehen festa handiak. Buruhandi eta erraldoien aurretik lasterka hasi dira gaztetxoenak, adinean gorago zirenak lehen tragoskak hartzen zituzten bitartean. Eguraldia lagun, Jai Batzordeak ezarritako gidoiari jarraiki hasi dira festak. Egoki.
Gau partean, arratsaldez Zabarrek, Maria Labaienek eta ehunka lezoarrek bere egin duten Gurutze Santuaren plazan bazkari autogestionatua egingo dute. Ondoren, Karlos Saldisen, Olgetan taldearekin erromeria, eta gaua luzatzeko DJ Sarataren emanaldia. Motzak dira mendekosteak, baina latzak.
Gogoratu: festak errespetuan, berdintasunean eta erasorik gabe bizitzeko dira.
Jarraian, gaur arratsaldeko giroarekin irudi sorta. Beherago, biharko eta etziko egitarauak:
2025eko mendekosteak. Egitaraua.
Ekainak 7, larunbata
- 09:00. Dultzaineroen diana.
- 11:00. Goiko Plazan, toka, igel eta bote jokoak.
- 11:00. Josetxo Etxandi pilotalekuan, Arkirun Klubeko eskolako Benjamin, Kimu eta Haur mailakoen finalak.
- 12:00. XX. mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar.
- 12:30. Bekoerrota kiroldegitik, erraldoi eta buruhandiak.
- 13:00. Gurutze Santuaren plazan, Tomas Garbizu Musika Eskolako bandaren eta Lezoko Dantzazaleen ikuskizuna.
- 16:30. Tiñelun, truk txapelketa (izen emateak 16:00etatik).
- 17:00-19:00. Lopene plazan, kirol joko erraldoiak.
- 17:00. Herrien arteko kirol desafioa Karlos Saldise plazan.
- 17:30. Josetxo Etxandi pilotalekuan, Arkirun Klubeko eskolako helduen finalak.
- 18:00. Gurutze Santuaren plazatik, Punttu Kakotx elektrotxaranga.
- 19:00. Karlos Saldise plazatik, erraldoi eta buruhandiak.
- 19:30. Tiñelu atzeko plazan, LH5etik DBH4ra artekoentzat ping-pong lehiaketa.
- 20:00. Gurutze Santuaren plazan, Andoni Ollokiegiren kontzertua.
- 22:30. Gurutze Santuaren plazan, zezensuzkoa.
- 23:00-02:30. Gurutze Santuaren plazan, disko-festa.
- 23:00. Karlos Saldise plazan, kontzertuak: Zilibito Records eta Alarma Morea.
Ekainak 8, igandea
- 09:30. Dultzaineroen diana.
- 11:00. Karlos Saldise plazan, gazte sortzaileen azoka.
- 11:00. Josetxo Etxandi pilotalekuan, puzgarriak.
- 12:00. Gurutze Santuaren plazan, Aiton Amonen Bordako dantza taldearen emanaldia.
- 12:30. Karlos Saldise plazatik, erraldoi eta buruhandiak.
- 17:00. Gurutze Santuaren plazan, Altxorraren bila jarduera.
- 19:00. Goiko Plazan, dantza emanaldiak: Altraste Dantza taldearen El bolero, eta Lasalaren Burnt.
- 21:30. Gurutze Santuaren plazan, zezensuzkoa.
