Lezo gehiago izan da
Lezok irabazi du herriarteko herri kirol desafioa. Oreretako taldea baino gehiago izan da Lezokoa gaurko desafioan, sokatira proban eten badute ere proba Oreretako taldekideetako batek min hartu duelako.

Ederki girotu dute herri kirolen inguruan antolatutako herri arteko desafioan aritu direnek Karlos Saldise plaza gaur arratsaldean. Azken bururaino eramatea ezinezkoa izan badute ere, partaideetako batek min hartu duelako, Lezo gehiago izan dela argi gelditu da.
Bueltakoa zuten Lezoko Mendekoste Jaien testuinguruan gaur arratsalderako antolatu duten desafioa. Aurrez aurre, Orereta eta Lezo, nor baino nor borrokan, garaipena lortzeko. Ez zegoen halako eguraldia iragarria gaurko, baina berotik heldu behar izan diote lehiari, berez oso gogorra den lehia koska bat gehiago estututa.
Bi taldeak bikain, baita publikoa ere. Etxekoen aldeko oihuak nabarmenagoak izan dira, egiari zor, eta gehiago izan dira Lezoarrak lehia osoan zehar. Trontzan, harri jasotzen, ingude altxatzean, lokotx bilketan, txinga eramaten… aurretik ibili dira lezoarrak. Bi taldeek aski izerditu dituzte kamisetak.
Ezustekoa izan da bukaera eta behar baino lehenago heldu da lanak ezin amaituta. Oreretako taldeko partaidetako batek mina hartu du sokatiraren lehen tiraldian; hor erabaki dute gaurko desafioa bukatzea. Publikoaren txalo artean utzi dute plaza bi taldeek, erakustaldi bikaina eginda.
Egitarau zabala aurretik
Oraindik aurretik ikusteko eta batez ere entzuteko asko. Andoni Ollokiegiren kontzertua izango da 20:00etan hasita Gurutze Santuaren Plazan eta Karlos Saldise plazan berriz, Zilibito Records oiartzuarrek eta Zumarragan sortutako Alarma Morea taldeekgirotuko du gau partea.
Ondoko irudiak, Hitzak gaur arratsaldean bildutakoak dira.






















































Mendekosteetako egitaraua
Gaur, larunbata
- 20:00. Gurutze Santuaren plazan, Andoni Ollokiegiren kontzertua.
- 22:30. Gurutze Santuaren plazan, zezensuzkoa.
- 23:00-02:30. Gurutze Santuaren plazan, disko-festa.
- 23:00. Karlos Saldise plazan, kontzertuak: Zilibito Records eta Alarma Morea.
Bihar, igandea
- 09:30. Dultzaineroen diana.
- 11:00. Karlos Saldise plazan, gazte sortzaileen azoka.
- 11:00. Josetxo Etxandi pilotalekuan, puzgarriak.
- 12:00. Gurutze Santuaren plazan, Aiton Amonen Bordako dantza taldearen emanaldia.
- 12:30. Karlos Saldise plazatik, erraldoi eta buruhandiak.
- 17:00. Gurutze Santuaren plazan, Altxorraren bila jarduera.
- 19:00. Goiko Plazan, dantza emanaldiak: Altraste Dantza taldearen El bolero, eta Lasalaren Burnt.
- 21:30. Gurutze Santuaren plazan, zezensuzkoa.