Herriak itxi du PDF
Gaur eguerdian bukatu da Pasaiako Dantza Festibala (PDF). Antxotarrek egindako ikuskizunak Gure Zumardia erabat bete du jendez, eta emozioz.

Gaur bukatu da 2025eko Pasaiako Dantza Festibala (PDF). Ostegunean hasi, eta gaur arte iraun du beste behin Pasaia, Antxo bereziki, arte eszenikoekin lotu duen zikloa. Antolatzaileek jendartera ekarri dituzten proposamen asko ausartak izan diren arren publikoaren arreta osoa jaso dute, eta nola ez, pasaiatarrek egin dituzten emanaldiek sona handia izan dute. Izan ere, PDFk izaera askoko obrak ekarri ditu herrira, baina herritik sortu direnak ere izan dira.
Herritarren emankizunen artean Alkartasuna Euskal Dantza Taldekoen txanda izan zen, baita Iker Murillo 24 Studiokoena ere. Gaur, Iker Murilloren ikasleek barra klasikoa egin dute Marealtan, eta ondoren, Antxoren erdi-erdiko plazan, herri ekimenez landutako Kalma ikuskizuna iritsi da, Anakrusak gidatutakoa. PDFren azkena izan da, eta agian, publiko aldetik jendetsuena; hori ez zuten zail, dantzari guztiak antxotarrak zirelako.
“Oroitu dezakegunak definitzen gaitu, atzoko hauspoak biharkatuko gaitu. Amona! Zuek, nola egiten zenuten? Kalma…”. Hori zen gaurko azken saioaren sinopsia, belaunaldi arteko elkar ulertze, komunikatze eta uztartze ariketa baten laburpena. Haur, nerabe, gazte eta adinekoen dantza fusioa bizi izan da gaurkoan Gure Zumardian. Goiko bideoa eta jarraian datozen argazkiak horren seinale dira. Antxotarrekin bukatu da 2025eko PDF.
Jarraian Iker Murillo Studio 24koen barandillaren irudiak (PDFren argazkiak dira), eta Gure Zumardiko ikuskizunarena.























































































