Lehen sektorea ikasteko praktikak, herrian bertan
Oiartzun Burujabe egitasmoko Elikadura Mahaiak herriko gazteei Oiartzungo bost etxaldetan praktika ordainduak egiteko aukera emango die.
Oiartzun Burujabe egitasmoko Elikadura Mahaiak herriko nekazari eta abeltzainekin ofizioa ikasteko auzolan praktikak antolatu ditu uda honetarako. Aipatutako mahai hori, besteak beste, Labore, HemenGuk, Behemendi eta Oiartzungo Udalak osatzen dute, eta aipatu dutenez, herriko elikadura beharrak elkarlanean asetzeaz harago, etorkizuneko erronkei aurre egitea da euren helburua.
Praktika horiekin gazteei ofizioa erakusteaz gain, lehen sektorea “zaindu eta balorean jarri” nahi dute. Gauzak horrela, oiartzuar gazteek herriko bost etxaldetan auzolan praktika ordainduak egiteko aukera izango dute uztailaren 1etik 31ra bitartean. Astelehenetik ostiralera egingo dute lan, sei orduko jardunarekin. Hamasei urte izan behar dira gutxienez praktika horietan parte hartzeko.
Izen ematea hilaren 25era arte izango da, eta galdetegi hau bete behar da horretarako. Alabaina, zalantzak argitzeko mezu bat bidali behar da helbide honetara.
