Lezo koloreztatu, herri nortasuna indartzeko
Haurrentzako Koloreztatzeko Lezoko Mapa helduko da herriko etxeetara datozen egunetan. "Modu erraz eta interaktiboan" herriko historia eta ondarea gerturatu nahi diete etxeko txiki eta ez hain txikiei.
Lezoko historia eta herria osatzen duten txoko, pertsonaia eta eraikin nagusiak etxeko txikienei gerturatzeko egitasmo berezia abiatu dute herrian. Haurrentzako Koloreztatzeko Lezoko Mapa osatu dute elkarlanean Errota Guraso Elkarteak, Pasaia-Lezo Lizeoak eta udalak, gaur eman dute proiektuaren berri. Hain zuzen, haurrek berek koloreztatzeko aukera izango duten mapak banatuko dituzte datozen egunetan Lezoko etxeetan, Mikel Arruti alkatearen arabera, “modu erraz eta interaktiboan” erabili ahalko direnak.
Errota Guraso Taldea mapa egiteko ikerketa lanetan hasi zen Pasai-Lezo Lizeoarekin batera. Proiektua osatuta, Hezkuntza Foroan aurkeztu zuten, eta begi onez ikusi ondoren, herri mailan zabalkundea emateko erabakia hartu zuten aho batez. Hezkuntza Foroak, besteak beste, herri hezitzailea izateko helburua baitu, eta mapak honekin bat egiten duela aipatu dute gaurko aurkezpenean. Ikastetxeetan edota haietatik kanpo erabiltzeko pentsatuta dago, edonon, “herriko ondarearen transmisioa egiteko eta herri nortasuna indartzeko” asmoz.
Arrutik aipatu du mapa ez dela soilik gaztetxoei zuzentzen: “badakigu herri baten ondare kulturala eta naturala denon artean ezagutu, mantendu eta zaindu behar dela. Lezo ezagutu eta zaintzeko aukera emango digun tresna izango da mapa hau”, adierazi du. Erantsi du mapak “aukera asko” emango dituela, ibilbideak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko aukera emango baitie uda honetan, udaleku, liburutegi eta bestelakoetan. “Helduenek txikienei ere erakuts diezaieketelako Lezoko ondarea zein den, eta alderantziz ere”, erantsi du alkateak.
Errota Guraso Taldearen izenean Ane Aznar Ugalde eta Itziar Salaberria Arregik hartu dute hitza gaurko agerraldian, maparen nondik norakoak azaldu dituzte. Maparen atzealdean txoko edo toki guztien gaineko azalpentxoa irakur daitekeela aipatu du Salaberriak: “Hauek interpretatzeko haur eta umetxoek helduen laguntza beharko dute, eta aukera paregabea da familian, ikastetxeetan… herriko historia lantzeko”.
Aznarrek, bestalde, honako mezua helarazi nahi izan dio herriari: “Mapa denona da orain, eta mila gauza egin daitezke orain berarekin”. Haur, gazte eta heldu. Guztiak animatu ditu egitasmo honetan aletxoa jartzera.
