Ostiralera arte, San Joan sua egiteko baimena eskatzeko aukera
Dagoeneko egin daiteke material pilaketa, baina eremu publiko zein pribatuetan sua egiteko baldintza batzuk bete behar dira.
Egun batzuk baino ez dira geratzen herrietako txoko ezberdinetan sua pizteko, eta, eremu publikoetan San Joan gaua ospatzeko sua piztu nahi duten herritarrek baimena eskatu beharko dute. Udalak jakinarazi du hilaren 20ra arte –ostirala– dagoela eskaria aurkezteko epea, eta hori Herritarren Arreta Bulego berrira joanda edota egoitza elektronikoaren bidez egin daitekeela.
Jasotzen dituzten eskariak aztertuko ditu udalak, besteak beste, suaren kokalekua egokia dela eta baita pertsonen zein ondasunen segurtasuna bermatzen dituela ere. Gauzak horrela, eskatzaileek datu pertsonalak eta sua egiteko lekua zehaztu beharko dituzte.
San Joan surako material pilaketa egiten hasi daiteke dagoeneko, eta sua ostiralean –hilak 23– 20:00etatik aurrera piztu ahal izango da.
Hauek dira eremu publiko zein pribatuetan bete beharreko baldintzak:
- Material pilak ezingo dira hiru metrotik gorakoak izan.
- Erregaiak material solidoa izan behar du.
- Sua gutxienez 15 metrora piztu beharko da eraikin, linea elektriko, instalazio edo bestelako objektuetatik.
- Debekatuta dago sua urbanizatutako lurraren gainean piztea.
- Sua itzaltzeaz eta ingurua txukun uzteaz arduratuko da antolatzailea.
Azkenik, jakinarazi dute Udaltzainek irizpide horiek betetzen direla gainbegiratuko dutela.
