"Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da"
LGBTIQ+ pertsonen bizitzen alde urratsak emateko konpromisoa hartu dute EH Bildu eta EAJ-PNVko Oiartzungo ordezkariek.
Hilaren 28an izango da LGBTIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko eguna, eta, horren harira, adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo bi udal taldeek.
Era berean, Oiartzungo LGBTIQ+ pertsonen bizitzen alde urratsak emateko konpromisoa hartu dute EH Bildu eta EAJ-PNVko ordezkariek; hots, hilaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Adierazpenaren hasieran, nabarmendu dute komunikabide nagusien estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zapalkuntza sistematikoa eragiten dietela LGTBIQ+ pertsonen eskubideei
“Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galdera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du bizitzako arlo gehienetan, diskurtso patologizatzaileak oraindik ere ageri dira mundu osoan eta horiek irmotasunez saiatu behar ditugu”, jarraitu dute.
Hala ere, azpimarratu dute ezin dela ahaztu azken urteotan mugimenduaren eta erakunde publikoen arteko lankidetzari esker aurrerapauso esanguratsuak eman direla, eta horiek balioan jarri behar direla oraindik dauden erronkei aurre egin ahal izateko. Ildo beretik, adierazi dute “funtsezkoa” dela injustizien aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoago, inklusiboago eta aniztasuna errespetatuko duena eraikitzen laguntzea.
“Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak eta babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak txertatzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da”.
Hortaz, Oiartzungo Udalak konpromisoa hartu du Oiartzungo LGBTIQ+ pertsonen bizitzen alde urratsak egiteko, eta dei egin dute hilaren 28aren bueltan antolatutako ekintzetan parte hartzera.
“LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman eta zoriondu egin nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen duzuelako”, amaitu dute.
