Hemen dira sanpedroak!
Pasaiako festen lekukoa hartu du gaur San Pedrok. Morez jantzi dute sanpedrotarrek herriko plaza, jaiei behar bezalako ongi etorria egiteko.
Heldu da aste luzez, eta hilabetez, itxarotako unea, piztu da festaren sugarra San Pedron, hasi dira sanpedroak. Urtero bezala, alkateordetzako balkoitik bota dute festei ongi etorria eman dien suziria, lepo beteta zegoen plazako herritarrak begira eta adi zirela. Plaza eta barrutiko txokoak morez eta arrantzalez jantzi dira, eta hilaren 30era bitarte gutxienez, horrela jarraituko dute.
Jaien hasierako suziria botatzearen ardura eta pribilegioa Agustin Osak izan du aurten, bera izan da txupineroa. Gaurkoan aipatu dutenez, “hiru grina handi” aitortu nahi izan dizkiote Osari: San Pedro, arrauna eta musika. Izan ere, arraun elkartearen ordezkari izaten jarraitzen du hainbeste urteren ondoren, idazkari eta diruzain lanak eginez (1976an, esaterako, presidente kargua hartu zuen); 1960ko hamarkadan txistua ikasten hasi zen, eta ohikoa izan da bera erraldoi eta buruhandiekin batera ikustea, baita sanpedrotar arraunlariei egindako harreretan. Parrokiako abesbatzako zuzendari izaten jarraitzen du Osak. 1981. urtean Errege Kabalgata antolatu izana ere aitortu nahi izan diote.
“Berrogei urte baino gehiagoan aritu zara ardura zure gain hartzen, ilusio handiz egin baduzu ere, ahalegin handia egin, eta dedikazio handia izan baituzu. Agustin, oraingo honetan zuri dagokizu Udalaren balkoitik agurtzea, eta guri behetik txalotzea, eskerrak eman nahi baitizkizugu horrenbeste maite duzun eta inoiz ahaztuko ez duzun herri honen alde egin duzun guztiagatik eta egiten jarraitzen duzun guztiagatik”, esan diote, barruti osoaren izenean.
Osaren omenaldiaren ondoren, urteroko ohitura eta aldarrikapenekin jarraituz, LGTBIQ+ bandera igo dute, “aniztasunaren, askatasunaren eta pertsona guztien eskubideen aldeko sinbolo irmo eta ikusgarri gisa”. Txupinazoaren aurretik, ordea, haurren danborradak girotu ditu itsas ertzeko barrutiko kale nagusienak.
Beheko koadroan datozen egunetako egitarau osoa kontsulta daiteke, eta jarraian gaurko argazkiak eta jasotako irudiekin egindako bideoa:
Hilak 26, osteguna
- 22:00: Helduen danborradak Gatzagatik.
- 00:00: Javi DJa portuko oholtzan.
Hilak 27, ostirala
- 07:00: Diana Kitadelpare txarangarekin.
- 11:30: Haurren kalejira frontoitik. Ondoren, jolasak.
- 17:00: Piratakada frontoian (11 urtetik gorakoentzat).
- 19:00: Pote eta igel txapelketa jubilatuen eskutik Hiru T’erdin.
- 20:00: Besark taldea Antxetan.
- 22:30: Erromeria Iratzar taldearekin.
Hilak 28, larunbata
- 12:00: Haurren Inude eta Artzainak.
- 17:00: Desafioa: San Pedro-Antxo, Kitadelpare txarangak girotuta frontoian.
- 20:30: Afari herrikoia.
- 22:30: Rockalean San Pedroko kaleetatik.
- 01:00: Bad Sound System taldearen kontzertua oholtza nagusian.
Hilak 29, igandea
- 10:00: Diana txistulariekin.
- 10:00: Porrusalda txaranga. Herritarrei dei egiten zaie zuri-gorriz janzteko.
- 11:00: Licinio Refice meza.
- 12:00: Helduen Inude eta Artzainak. Ondoren, Bermutekea Boteron.
- 17:30: Helduen pilota finalak. Ondoren, Jose Inazio Murua Elizondo eta bere musika frontoian.
- 19:00: Buruhandiak eta erraldoiak dultzaineroekin kaleetan barrena.
- 20:00: Kontzertua Begi haundin. Reggae session: Hodax eta Mane Galinha.
- 23:30: Gonzalo txosnan. Ondoren, DJ Hodax eta Garinbo.
Hilak 30, astelehena
- 11:30: Tratu onaren aldeko haur-lasterketa, udaleko Eskubidean planaren barruan antolatua.
- 12:00: Bustiña-Eskamak partida frontoian. Ondoren, haurren bazkaria Txokon.
- 16:00: Buruhandi, buruarin eta zezentxoak.
- 18:00: Goazen Nait frontoian.
- 20:00-22:30: Dantzaldia frontoian Modestorekin. Ordu berean afari autogestionatua frontoian. Jai Batzordeak bokatak eta edariak jarriko ditu salgai.
- 22:00: Zezensuzkoa frontoian.
