Manifestua aurkeztuko du Saregileak elkarteak
Hilaren 19an lehen bilera irekia egin zuen taldeak, eta baikor baloratu dituzte ekarpenak. Orain, manifestua aurkeztuko dute astelehenean, Antxoko Kultur Etxean, 20:00etan.

Azken hilabeteotan gertatutako indarkeria matxistaren hainbat gertakariren aurrean, pasaitarrek bizi duten egoera matxista kritikoa dela egiaztatu dute hainbat herritarrek. Afera horren inguruan hausnartzeko asmoarekin, Pasaiako hainbat kolektibo gune komun batean elkartu ziren, kezkak eta ideiak partekatzeko eta egoeraren diagnostikoa egiteko. Izan ere, indarkeria matxista estrukturala dela adierazi dute, eta gaiak kezkatzen dituela eta beste alde batera begiratu ezin dutela nabarmendu dute.
Egoera horren harira, Antxoko Saregileak taldea sortu dute. Taldeak sareak ehuntzen jarraitzeko unea dela baietsi du, eta horregatik, hilaren 19an bilera ireki bat egin zuten Antxoko Kultur Etxean. Lehen bilera ireki horretara 40 lagun baino gehiago gerturatu ziren, eta bertan egindako ekarpenak baikor baloratu ditu Saregileak elkarteak. Irekitako bide horri jarraipena eman nahi diote, eta astelehenean (hilak 30) manifestua aurkeztuko dute Antxoko Kultur Etxean, 20:00etan.