Oiartzunena da txapela
Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko txapelketa irabazi du Oiartzunek, bosgarrenez. Laugarren urtez segidan irabazi dute txapelketa oiartzuarrek.

Gaur jokatu dituzte Donostiako Atano III frontoian Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalak, eta, beste behin, Oiartzunek irabazi du. Hernaniren aurka lehiatu dira oiartzuarrak, eta 1 eta 2 irabazi dute jardunaldia. 10:30ean hasi dira partidak, eta lepo zegoen frontoia, zaletuz beteta.
Lehen partida kadete mailakoa izan da, eta 22-8 galdu dute oiartzuarrek. Oiartzundik Ekhi Iradi eta Unax Oiartzabalek osatu dute bikotea, eta Oier Arsuaga eta Liher Zugastiren aurka lehiatu dira. Jubenilena izan da bigarren partida, eta hor hasi da oiartzuarren zoriona, 16 eta 22 irabazi baitute. Bigarren norgehiagoka horretan Manex Olaiz eta Aitor Etxeberriak osatutako bikotea lehiatu da Ekhi Oses eta Oier Azpeitiaren aurka.
Azkenik, nagusiena izan da hirugarren partida, eta hura izan da txapela Oiartzunera joango dela erabaki duena, ordura arte 1 eta 1 baitzegoen markagailua. Oihan Etxeberria eta Unax Landak osatu dute nagusien bikotea, eta Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga izan dituzte aurkari. Partidaren zati handienean nagusi izan dira oiartzuarrak, eta, azkenerako, 10 eta 22 irabazi dute.
Partidak amaituta, HITZArekin izan da Asier Retegi Oiarpeko entrenatzaile eta hautatzailea. “Lehenengo partida ez da espero bezala atera, baina tira, azkenean jakitun ginen bi partida irabazi behar direla txapela eskuratzeko, eta bagenekien hurrengo partidan hutsetik hasiko ginela eta irabaztera joan behar ginela, eta zorionez ondo atera dira”.
Bigarren partidan sufritu dutela aitortu du Retegik, baina “ondo” atera direla nabarmendu du jarraian. Sentsazioez galdetuta, aipatu du lehenengo partidako kirolariak zeudela urduri samar euren lehenengo aldia zelako, “baina besteek erakutsi dute esperientzia badutela eta oso ondo aritu dira”.
Atano III frontoian giro polita zegoela ere izan du hizpide entrenatzaileak, eta orain, badute zer egin oiartzuarrek: bosgarren herriarteko txapela lortu dutela ospatzea. Ezin aipatu gabe utzi laugarren txapela jarraian eskuratu dutela gaurkoan.
Hona hemen Oiarpek HITZAri helarazitako gaurko partidetako zenbait irudi:























