Emakumeek egindako kakorratz banderatxoekin apaindu dituzte kaleak
Adinkide GKEak sustatu du jarduera, San Pedroko jaiak direla eta. "Komunitate loturak" eraikitzeko asmoz antolatu dute, nagusiki adinekoen artean.

San Pedroko jaien harira, “komunitate loturak” sustatzeko ekintza abiatu dute Pasaian. Adinkide GKEak bultzatuta, zenbait emakumek kakorratz banderatxoekin herriko kaleak apaindu dituzte. Adinekoen bakardadea saihesteko “topagune” gisa definitzen dute antolatzaileek.
Baina, horrez gain, beste hainbat helburu ere baditu iniziatibak: “belaunaldien arteko loturak sortzea”, “emakumeak eremu publikora eramatea”, “lanen atzean dagoen jakinduria ikusaraztea”, eta “harreman afektiboei balioa ematea”.
Ekimen hau duela bi urte Pasaian jaio baldin bazen ere, beste hainbat herritara hedatu da dagoeneko. Helburuetako bat herriz herri emakumeen arteko sareak sortzea izanik, argi dute “ehuntzea ez dela hari eta artileak ehuntzea soilik, bata eta bestearen arteko harremana ehuntzea baizik”. Honi esker, emakumeen arteko elkartasuna, laguntza, baliabideak, proiektuak, ikasketak eta harremanak sustatzea espero dute antolatzaileek.