Hesien zaintzan lan egiteko izen ematea astelehenean irekiko dute
Xanistebanetan hamaika pertsona ariko dira laguntzaile lanetan. 18 urte izan behar dira izena emateko; zozketa hilaren 21ean egingo dute.
Oiartzungo Udalak Xanistebanetan hesien zaintzan eta beste zenbait lanetan laguntzeko hamaika pertsona kontratatuko ditu. Astelehenean –hilak 7– irekiko dute lanpostuetan izena emateko epea, eta hilaren 18a izango da inskribatzeko azken eguna.
Honakoak dira festetan lan egin ahal izateko bete beharreko baldintzak:
- 18 urte beteta izatea.
- Kontratuaren hasieran (abuztuak 2) langabezian egotea.
- Eskola ziurtagiria izatea.
- B2 euskara maila egiaztatzea (Ziurtagiria ez dutenek euskara froga egiteko aukera izango dute).
Lanpostu horretara aurkezteko hiru bide daude: Lanbiden argitaratu duten eskaintzan izena ematea, udaletxeko egoitza elektronikotik eskaera aurkeztea edota Herritarren Arreta Zerbitzura joatea.
Zozketa bidez erabakiko dute nor ariko den laguntzaile lanetan. Hilaren 21ean egingo dute zozketa, 15:00etan, udaletxeko areto nagusian. Zozketaren unean bertan egon beharko dute izena eman dutenek, eta ikasketa ziurtagiria eta euskara egiaztagiria –baldin badute– eraman beharko dituzte.
