Akordioa festetako barrakak merkatzeko
Pasaiako Udalak akordio bat sinatu du Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkargoarekin herriko festetako atrakzioak herritar guztientzako irisgarriagoak, euskaldunagoak eta jasangarriagoak izan daitezen.

Pasaiako Udalak akordio bat sinatu du Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkargoarekin (AFADE) herriko festetako atrakzioak herritar guztientzako irisgarriagoak, euskaldunagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Sinatutako hitzarmenak “eredu berritu” bat ezartzen duela adierazi du udalak, preziotik harago doana: gizarte kohesioa, hizkuntza eskubideak eta ingurumenarekiko errespetua uztartzen baititu.
Honakoa esan du Aitor Brion Kultura zinegotziak akordio berriaren inguruan: “Jaiak herritarrentzat dira, guztiontzat, eta ez soilik aisialdirako espazio gisa, baizik eta balioak zabaltzeko eta bizikidetza sustatzeko aukera gisa. Aurten sinatutako akordioarekin, atrakzioak irisgarriagoak eta eskuragarriagoak izateaz gain, gure hizkuntza, euskara, jaietan presente eta entzungai egongo dela bermatu dugu, herriko haur eta gazteen parte hartzearekin gainera. Horrelako neurriak ezinbestekoak dira kultura politika eraldatzaile eta komunitario bat eraikitzeko bidean”.
Udal gobernuak tasetan egindako aldaketarekin, atrakzioen sarrera prezioak merkatu egingo direla adierazi du udalak. Iazko 4 euro inguruko tarifek, hortaz, behera egingo dute.
- Helduentzako sarrera: 3 euro.
- Haurrentzako sarrera: 2,50 euro.
- Herri egunak: 1,50 euro.
Udalak, gainera, bi herri egun ezartzea lortu du, haurren eguna izan ohi zena, atrakzioetan deskontu bereziak aplikatzeko:
- Antxon:
- Hilak 8, asteartea: 12:00-14:00.
- Hilak 9, asteazkena: 12:00-14:00 eta 17:00-21:00.
- Trintxerpen:
- Hilak 14, astelehena: 12:00-14:00.
- Hilak 17, osteguna: 12:00-14:00 eta 17:00-21:00.
Autismoa edo entzumen hipersentikortasuna duten herritarrei begira, musikarik eta zarata sarkorrik gabeko tarteak ezarri dira: Antxoko sanferminetako hilaren 6an, 7an eta 9an, eta Trintxerpeko Karmenetako hilaren 13an, 16an eta 17an, 17:00etatik 19:00etara.
Horrez gain, musika piztuta egongo den tarteetan, euskararen aldeko “urrats sendoa” egin dela jakinarazi du udalak, entzungo den musikaren %75, gutxienez, euskaraz izango baita. Aldagai hori bermatzeko, abesti zerrenda bat osatu dute ferien erabiltzaile diren haur eta nerabeek, Pasaiako Udalaren Eskubidean planaren baitan. Doinu horiek dira herriko festetako barraken guneetan entzungo direnak.
Iragarkiak, prezio zerrendak eta kartel guztiak euskaraz edo elebitan jarriko dira, euskarari lehentasuna emanez, kokapenari (euskarazkoa lehenengo) eta tamainari dagokionean.
Udalak eta AFADEk sinatutako hitzarmenak beste hainbat konpromiso ere jasotzen dituela baietsi du udal erakundeak: espazioak garbi mantentzeko eta hondakinak bereizteko betebeharra, edota animalien erabilera, salmenta eta zozketak berariaz debekatzea.
Bukatzeko, honakoa esan du Brionek: “Akordio honek erakusten du festa eredua berritzea posible dela: prezio duinak herritarrentzat, euskara ikusgarri eta entzungai, ingurumenarekiko errespetua eta inklusiorako neurriak tartean”.