Atzetik aurrerakoa egitea helburu
San Pedroren denboraldi hasiera ez da esperotakoa izan emaitza eta sentsazio aldetik. Iazko sasoian maila galdu arren, ohorezko postuak urrun dituzte. Egoera hori irauli nahi dute.

Iazko sasoian maila galdu ondoren, KAE1 Ligan ari da aurten San Pedro. Denboraldi hasiera ez da esperotakoa izan moreentzat, eta lau estropada jokatuta, sailkapeneko zazpigarren postuan daude, 26 punturekin. Maila gorenetik zetorren taldea izan arren, sanpedrotarrek urrun dituzte une honetan ohorezko postuak. Aitzakiarik jarri gabe, Fernando Valenciaga Libia-ren entrenatzaileak aitortu du denboraldi hasierako balantzea «txarra» izan dela.
Jaitsieraren ondoren, sanpedrotarrek baja asko izan dituzte taldean, eta eskifaia goitik behera aldatu behar izan dute. Arraunlari askok taldea utzi dute, fitxaketak egin dituzte, eta harrobitik ere bi gazte igo dituzte. Aldaketa horiekin taldea gaztetu dutela jakinarazi du prestatzaileak. Hasiera batean, sanpedrotarrek goiko postuen eta banderen lehian egon nahi zutela adierazi du Valenciagak, igoerako play-offetara iristeko ametsarekin. Ikusita liga hasieran nola aritu diren, orain «estropadaz estropada» joan behar dutela nabarmendu du Libia-ren prestatzaileak: «Asteburu guztietan topera borrokatu behar dugu, sailkapenean gora egiteko. Gure lanean zentratu behar dugu aurrera egiteko, ez dago besterik. Egiten ari garena baino hobeto egin behar dugu».
Lehen eta hirugarren estropadak «ahazteko modukoak» izan zirela aitortu du Valenciagak. Azkenean, baina, «lan ona» egin zutela baietsi du prestatzaileak, ondo borrokatu baitziren. Portugaleteko azken estropada horrek animoz bete du taldea, eta pizgarri izango da aurrera egiten jarraitzeko eta estropadaz estropada hobetzeko. Igandean izango dute egoera iraultzeko hurrengo aukera, Zumaiako XL. Ikurrinaren lehian arituko baitira KAE1 Ligako ontziak.

San Pedroko plantilla