Euskara eta arrauna lotzeko, hiztegia
Euskarari bultzada emateko asmoz eta klubeko hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz, 'Arrauna eta euskara' hiztegia argitaratu du Hibaikak. Bi hilabeteko bizitza du izendegiak.

Pasa den maiatzean izan zen Euskaraldia, eta ariketa erraldoiari ekarpena egin asmotan argitaratu zuen Hibaika Arraun Elkarteak Arrauna eta euskara hiztegia. Liburuxka aurkeztu zutenean, hiztegia Errenteria-Oreretako kirol elkartearen egunerokoa euskalduntzeko lehen urratsa baino ez zela azaldu zuten. 100 arraunlarik osatzen dute, gutxi-asko, Hibaika Arraun Elkartea; hortaz, txostenaren egileak pozik zeuden aurkezpenean, eragiteko eremua bazegoela sinistuta.
Hamalau orri ditu hiztegiak, eta bertan puntu kardinalak, eguraldiaren adierak, itsasoaren egoera, ontziaren zatiak eta hiztegia txertatu dituzte. Zuriñe Alberdi arraunlaria izan zen hiztegia aurkezteaz arduratu zenetako bat, eta hark azaldu zuen arraunerako beharrezkoak diren hitzak euskaraz bildu dituztela, askotan gaztelaniaz erabiltzen baitira.
Bi hilabete igaro dira hiztegia lau haizetara zabaldu zutenetik, eta Alberdik berak egin du orain arte euskarriak izan duen ibilbidearen balorazioa. Luze eta zabal mintza daiteke Alberdi txostenaren inguruan, baina esaldi bakarrean laburtu ditu sentsazioak: “Uste dut hiztegiaren harrera oso positiboa izan dela”.
Helburuak
Ereindako lanaren helburuak zerrendatu ditu Alberdik: batetik, Hibaika Arraun Elkartean euskaraz gehiago hitz egitea, eta, bestetik, klubaren kanpoko jendeari zein arraun mundua jarraitzen duten horiei lotura bat egitea euskararen eta arraunaren artean. “Hori zen helburua, eta esan dezaket harrera positiboa izan duela”, jarraitu du.
Horretaz gain, txostena kuriositate modura erabil daitekeela ere azaldu du Hibaikakoak. “Oinarrizko euskara denok ezagutzen dugu, baina arraun munduan badaude ezagutzen ez diren hitz asko, eta baliagarria da hiztegia horretarako”, dio, pozarren.
Gauzak horrela, izendegiak izan duen harrera espero modukoa izan da, baina Alberdik zehaztu du feedback-a “horrelakoetan” gehiago iristen dela klubetik bertatik, haren tripetatik, alegia. Hibaikan, eskualdeko bizilagunez gain, badira, esaterako, Kataluniatik edota Galiziatik etorritako kirolariak, eta pertsona horiek lexikoa “kuriositateak jota” begiratu dutela kontatu du. “Azaldu digute interesgarria iruditu zaiela hiztegiarekin egindako lana”.
Sentsazioak eta erantzunak alde batera utzita, emaitzak izan ditu hizpide Alberdik. Badaki aldaketaren bidea hasi besterik ez dela egin, baina lanerako prest dira. “Aldaketa sumatu da, baina lanketa luzea izango da. Aldaketa egitea zertxobait kostatuko zaigu; hitz asko barneratuta ditugu, baina aldaketa horiek pixkanaka egiten baditugu segituan nabarituko da. Kontuan hartu behar dugu klubean kanpotik etorritako jendea dagoela, eta beraiei ere hitz horiek erakutsi behar dizkiegula. Baina lehenbizi guk geuk barneratu behar ditugu, gero traineruan erabiltzeko”. Argi eta zehatz, hortaz, Alberdi.
Euskararen alde egiteko konpromisoari lotuta jarraituko du Hibaikak. “Euskara bultzatzeko egin daitekeen guztia landuko dugu”, baina Alberdik badaki posible dela aldaketak espero ez duen norabide bat hartzea. “Ideia interesgarri eta polita da hiztegiarena, baina ikusten badugu ez duela funtzionatzen espero bezala, edota behar bezala, beste modu bat bilatuko dugu euskara klubera gehiago ekartzeko”.
Alberdik argi du helarazi nahi duen mezua zein den: “Klubean lanketa egin behar dugu, eta jendea animatu nahi nuke etxeko aldaketa hori egitera”.
Hiztegia Errenteriako liburutegian, ikastoletan edota Rosmi saltokian lor daiteke. Hala ere, Euskotren eta Eusko Label ligetako Boga aldizkariarekin batera herriko komertzioetan ere banatuko dute.
Hondarribian ere egin zuten arraunaren gaineko euskarazko hiztegia. Hain zuzen, Hondarribia Arraun Elkarteak eta Hondarribiko Udalak 2006an argitaratu zuten Arraunketa hiztegia.