Gora begira jarri da Hibaika
Euskotren Ligan goiko postuetatik gertu izatea eta KAE2n koska bat gora egin eta KAE1 Ligara igotzea ditu helburu Hibaika Arraun Elkarteak bere bi ontziekin aurten. Egindako lanaren emaitzak jasotzeko unea da.

Euskotren Ligaren goiko postuetatik gertu, eta KAE2 Ligatik jauzi egin eta koska bat gora egitea ditu helburu aurten Hibaika Arraun Elkarteak bere bi ontziekin. Emakumeek bihar hasiko dute lehia Euskotren Ligaren barruan Bilbon, eta gizonek, berriz, KAE2ko laugarren jardunaldia jokatuko dute Sestaon.
Bosgarren denboraldia du Iñaki Mendizabalek Hibaikan emakumeen entrenatzaile. Argi azaldu du zein duten jomuga, «lehenengo txandan ariko bagara hori irabaztea, edota bigarren txandan muturra sartzea». Sailkapen taulan, berriz, laugarren eta bosgarren postu artean kokatu nahi du ontzia, eta aitortu du ez dela lan erraza izango oso parekatuta baitaude guztiak lidergoa duten Arraun Lagunak eta Tolosaldea salbu, «Tolosaldea eta Arraun buru dira, eta zalantza da Oriok zein maila emango duen, baina teorian behintzat, hor aurrean behar du. Azkeneko postuak saihestu eta gora begira jartzea izango da gure egitekoa».
Lan horretan Hondarribia, Zumaia eta Astillero arerio izango ditu Hibaikak: «Liga hasi aurreko lehia guztietan irabazi diegu, baina segundo gutxiko aldearekin. Biharkoa erlojupekoa izango da, baina hortik aurrera kaleetara, eta zein kale tokatzen zaizun ere eragina izan dezake emaitzan. Lana ahalik eta ondoen egitera goaz».
Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketetan ondo ibili dela ontzia esan du Mendizabalek, «ea horrela jarraitzen dugun uda osoan». Bihar izango dute ligako lehen estropada eta eguna heltzeko gogoz da entrenatzailea.
Iaz kolpea izan zuen emakumeen traineruak, hamar arraunlarik utzi baitzuten, «atzera egitea suposatu zigun horrek». Orduan finkatu zuten denboraldi honetako taldea: «Gehienak ez ziren titularrak eta aurrera urratsa egin behar izan zuten. Utzitakoen artetik hiru itzuli dira, eta talde gisa indartu gaitu horrek. Fisikoki ere aurrera egin dugu, progresio naturala izan delako taldean, baita prestatzaile berriaren [Unai Amenabar] eraginez ere. Noraino iritsiko garen? Ikusiko dugu, urtez urte ikusi behar da hori».
Aipamen berezia ere egin dio Jon Berastegi psikologoari, «azken bi denboraldian ari da taldearekin eta aurrerapen handia suposatu du».
Arraunketan moldaketaren bat egin dutela ere kontatu du Mendizabalek, itsasora begira hobeto ibiltzeko eta barean ez galtzeko: «Itsasoan azken urteetan gaizki ibili ez bagara ere, zerbait gehiago behar genuen. Itsasoan ere maila emango dugula uste dut».
KAE1 Ligara jauzi
Ekainaren 21ean hasi zuten liga senior gizonek; baita borobil hasi ere, Astilleron (Kantabria, Espainia) bandera irabazita. Aurreko asteburua ez dute, ordea, aldekoa izan: bigarren sailkatu ziren etxeko estropadan, eta hirugarren Elantxoben; Orio B ontziak irabazi zituen bi estropada horiek. Dani Cobjuc denboraldi honetan heldu da Errenteria-Oreretako klubera gizonen taldea zuzentzera. Ibilbide zabala du arraun munduan. Errumaniako selekzioarekin munduko txapeldun izan zen aulki mugikorrean scull bikoitzeko ontziarekin 2000. urtean. Euskal Herrira ekarri zituen bera eta beste hiru kide Ur Kirolak elkarteak, eta bertan lau denboraldi eginda, Orio, Zierbena, Trintxerpe, Donostiarra eta Zumaian izan da arraunean. Hibaikara heldu aurretik, Lapurdin aritu da emakumeen entrenatzaile.
KAE2 Ligako lehen jardunaldia irabaztea «pozgarria» izan dela dio. «Lehen estropada eta garaipena bizigarria izan zen, tarte handia markatu genuen gainontzeko ontziekin, baina horrek ez du esan nahi liga ez dela borrokatua izango; argi gelditu zen joan den asteburuan. Badirudi Oriok lehen estropadatik aldaketak egin dituela, eta horrek perspektiba aldatu egin digu».
Biharko estropadara begira jarri da Cobjuc, Sestaon jokatuko dute ligako laugarrenera: «Bandera borrokatzera goaz, orain arteko eta hemendik aurrerako guztiak bezala. Nik eta arraunlariek oso argi dugu estropada eta bandera guztiak irabazteko aukera dugula. Jakin badakigu ere Orio B ontziarekin lehia bizia izango dugula. Pasa den asteburua txarra izan dugu, etxean galtzeak ukituta utzi zituen arraunlariak, eta Elantxobera ere horrela heldu ziren». Bidea argi du, «morala igo eta lanean jarraitzea».
KAE1era igotzea dute begiz jota: «Estropaden erdia irabazita oin bat barruan duzu, momentuz bigarrenak gara ligan eta hasi berria da. Sei ontzi izanik ligan oso zaila da bigarren edo hirugarrenarekiko puntu alde esanguratsua izatea, eta horrek oso liga lehiatua izatea ekarriko du, oso berdindua izango da». Ligaz igotzeak zaletasuna handitzea ekarriko duen zalantzarik ez du, harrobian ere eragina izango du. Garrantzitsua da traineru indartsu bat izatea harrobiak bertan arraun egiteko ilusioa izan dezan, eta ondorioz, erreleboa berma dadin».
Bukatzeko, zaleak hizpide. «Ufada da zaleen babesa arraunlarientzat traineru barruan direnean, nekatuen daudenean ere animo horiek %100a edo gehiago ematea eragiten du». Dei argia zaleei, beraz, Cobjucek: «Estropada guztietara etortzera animatu nahi ditut, bost, hamar edo hogei izan… etor daitezela». Animo horien garrantziari azpimarra ere, Mendizabalek: «Arrauna oso sakrifikatua da, polita izatearekin batera, eta jendea animatzen sumatzeak piztu egiten ditu arraunlariak».
Arraunlariak