San Juan baleontziaren eraikuntzak aurrera darrai
Albaolak ontziaren kaskoa iragazgaitz bihurtzeko fasea hasi berri du. Fase honetan kaskoa kalapetatu eta Gaztelako brea emango diote.

Albaolak San Juan baleontziaren kaskoa iragazgaitz bihurtzeko fasea hasi berri du. Fase honetan kaskoa kalapetatu eta Gaztelako brea emango diote, uretaratu aurreko zigilatzeko eta iragazgaitz bihurtzeko prozesu tradizionala gauzatuz. Albaolan ohikoa den bezala, fase hori XVI. mendeko ontzigile tradizionalek erabilitako teknika eta lehengai berberak baliatuz egingo da.
Kalapetatzearekin, tarteak hermetiko bihurtuko dituzte, tarte horien arteko hutsuneetan landaren zuntzak sartuz. Albaolakoek kalamu zuntzak erabiliko dituzte. Jarduketa horrekin, tarteak zigilatuko dituzte, uraren sarrera saihesteko.
Kaskoa kalapetatu ondoren, brea emango diote ontziari. Erretxina edo bikea beroaren nahasketa aplikatuko diote San Juan baleontziari: kasu honetan, Gaztelako brea erabiliko dute. Jarduketaren helburua da ontziaren gainazala guztiz iragazgaitz egitea eta egurra babestea. Brearena da San Juanek uretaratu aurretik jasoko duen azken tratamendua.
Brea ematen bukatu eta ontzia uretaratu ondoren, hurrengo etaparekin jarraituko du eraikuntzak. Itsasontzia uretan dagoela, arboladura osatzeari ekingo diote Albaolako kideek. Horren baitan, mastak fabrikatu eta muntatuko dituzte, eta belak, aingurak eta ekipamenduak egingo dituzte.
Bisitatzeko aukera
Bisitariek prozesua zuzenean ikusi ahal izango dute aurtengo udan, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren egoitzan. Albaola asteartetik igandera bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Albaolako kideek bisita gidatuak eskainiko dituzte egunero euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Sarrerak online eros daitezkeela jakinarazi du Albaolak.