Testing programa sanferminetara itzuliko da
Programaren helburua da droga kontsumoari eta sexu praktika seguruei buruzko informazioa ematea. Gaur jarriko dute postua Ibaiondon, 00:00etatik 03:00etara.

Iaz bezala, Pasaiako Udalak testing programa aktibatuko du Antxoko sanferminetan, festa giroko droga kontsumoa murrizteko helburuarekin. Programa horren baitan, informazio postu bat jarriko dute gaur (ostirala, hilak 4) Ibaiondoko skate parkearen ondoan, 00:00etatik 03:00etara. Postu horretan, honako gaiei buruzko informazioa emango dute: substantziak eta ezaugarriak; osasun arrisku zehatzak eta epe luzera izan litezkeen osasun arazoak; legezko arriskuak; edota kontsumo segururako aholkuak. Informazio hori helarazteaz gain, droga kontsumoari eta sexu praktika seguruei buruzko materiala ere banatuko dute.
Hauexek dira testing programaren helburu nagusiak:
- Gazteen artean neurriz kanpo kontsumitu ez dezaten prebentzio lana egitea eta egiazko informazio objektiboa ematea, arriskuak hobeto kudeatzeko.
- Gazteak kontsumoen arriskuez kontzientziatzea, eta zergatik kontsumitzen duten eta kontsumoaren bitartez zer helburu lortu nahi duten hausnartzea.
- Kontsumitzaileari ohartaraztea legez kontrako substantzien osasun kontrolik ez dagoela eta ohartaraztea aizunduta egoteko arriskua badutela.
- Arriskuak murrizteko kontzeptuak zabaltzea, sexu praktika seguruak, elikatzeko ohitura onak eta kontsumoaren legezko ondorioen ezagutza barne.
- Substantzia berri eta kontsumorako patroi berriei buruzko informazioa eskuratzea.