Martxan da Materren Zero Zabor Uretan itsas zeharkaldia
Mater ontzia euskal kostaldeko zortzi herritan izango da uztailean hondakinen arazoari irtenbideak bilatzeko eta hausnarketa parte hartzaile bat sortzeko.
Materrek Zero Zabor Uretan euskal kostaldeko itsas zeharkaldia hasi du zazpigarrenez. Mater ontzian nabigatuz, Materreko kideak Bilbon, Portugaleten, Bermeon, Ondarroan, Mutrikun, Getarian, Hondarribian eta Pasaian izango dira uztailean zehar. Hondakinik onena, sortzen ez dena lelopean, Materreko kideak herri horietako portuetan geldituko dira, hondakinen arazoari irtenbideak bilatzeko eta hausnarketa parte hartzaile bat sortzeko. Herri horietan bisitak, tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak ontzian eta itsasoa eta bizia zaintzeko aldarrikapenak egingo dituzte Materreko kideek. Jarduera guztiak doakoak izango dira.
Mater ontzia herri horietako portuetara iristearekin batera, hilabete batzuk lehenago herri horietan hondakinen prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko tokiko eragileekin hasitako lana bukatuko da. Sentsibilizazio hitzaldien, erakusketen eta hainbat kolektibori zuzendutako proposamenen bidez, sinergiak egin direla adierazi du Materrek, “tokian tokikotik arazoaren globalera eta konponbideetara jarduteko”. Materrek gogorarazi du udalak, komunikabideak, gizarte erakundeak eta tokiko dendak izan direla aurtengo protagonistak.
Parte hartze horren harira, Materrek bi erraldoi sortu ditu: Bio eta Zabor. Bio Bizitzaren Sarea da, eta biziaren zaintzaren garrantzia irudikatzen du. Kakorratzez egindako dozenaka algaz eta itsas animaliaz egina dago. Zabor, aldiz, Itsas Hondakinen Munstroa da, eta kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza da. Euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatutako dago. Erraldoi horiek tripulazioaren parte izango dira, eta herri bakoitzeko programazioa zaintzaren aldeko martxarekin irekiko da, herri horietako ehunka haurrek egindako mezuekin batera.
Euskal kostaldeak Plastic Free July kutsadura plastikoaren aurkako nazioarteko hilabetearekin bat egin du. Programazio oso-osoa Zero Zabor Uretan webgunean topa daiteke.
Une honetan, Mater ontzia Portugaleten dago, bihar arte. Bilbon izan dira jada, eta Portugaletetik Bermeora, Ondarroara, Mutrikura, Getariara eta Hondarribira joango dira. Zeharkaldia Pasaian bukatuko dute, etxean, hilaren 23tik 27era. Egun horietarako ekintza mordoa antolatu dituzte Pasaian. Jardueretan parte hartzeko izena eman behar dela adierazi du Materrek: 619 81 42 25 telefonora deituta edo posta elektronikora mezua bidalita.
Zero Zabor Uretan Pasaia
Hilak 23, asteazkena
- 19:00-20:00: Itsas Erraldoien Martxa.
- 22:30-23:30: Zinema ontzian.
Hilak 24, osteguna
- 11:00-14:00: Itsas hondakinen arrantza.
- 11:00-14:00 eta 17:00-20:00: Itsas Zaindari Gunea.
- 17:00-20:00: Bisitak ontzi museora.
Hilak 25, ostirala
- 11:00-14:00: Bisitak ontzi museora.
- 11:00-14:00: Itsas Zaindari Gunea.
Hilak 26, larunbata
- 11:00-14:00: Bisitak ontzi museora.
- 11:00-14:00 eta 17:00-20:00: Itsas Zaindari Gunea.
- 17:30-19:00: Sormen birziklatze tailerra.
Hilak 27, igandea
- 11:00-13:00: Hondakin bilketa Alabortza senadian.
