Euskal Herriko txapela jantzi du Oiartzunek
Leitzaren aurka jokatu zituzten atzo Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalak, eta 3-0 irabazi zuten oiartzuarrek.
Atzo jokatu zituzten Zumarragako Beloki frontoian Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalak; Oiartzun eta Leitza lehiatu ziren hurrenez hurren, eta Oiartzunek 3 – 0 irabazi zuen.
Kadeteen partida izan zen lehenbizikoa, eta Oiartzunen izenean Ekhi Iradi eta Unax Oiartzabal lehiatu ziren. Partida gogorra izan zen, baina 22-21 irabazi zieten Hegoi Bidart eta Aiur Ugartemendiari.
Bigarren partida, ohi moduan, jubenilena izan zen, eta norgehiagoka horretan Manex Olaiz eta Aitor Etxeberriak osatutako bikotea lehiatu zen. 22-6 amaitu zuten partida Janitz Sagastibetza eta Oinatz Alkortaren aurka.
Nagusiena izan zen hirugarren eta azken partida, eta Oihan Etxeberria eta Mikel Leonet izan ziren protagonista. Partidu hori hasi aurretik bazekiten txapela eurena zela, 2-0 baitzegoen ordurako markagailua, baina amaiera ederra eman zioten norgehiagokari 22-9 irabazita. Partida horretan Hegoi Txoperena eta Eñaut Goikoetxea izan zituzten aurkari.
Asier Retegi oiartzuarren entrenatzailea da, eta haren hitzetan partidak “ongi” joan ziren. “Hasiera batean pentsatzen genuen kadeteetako partiduan Leitzakoak izango zirela faborito eta partida gogorra izango zela, baina jakitun ginen guk ere armak bagenituela”. Hortaz, dena ematera atera ziren frontoia oiartzuarrak, eta “sorpresa eman genuen. Gauzak ondo atera ziren”.
Jubenilen zein nagusien partidetan faborito ziren oiartzuarrak, eta gustura aritu ziren norgehiagoketan; “partidak ondo atera ziren eta egia esan arazo handirik gabe irabazi genituen”, jarraitu du Retegik.
Gauzak horrela, entrenatzaileak pozik esan du “gustura” daudela. “Euskal Herriko txapeldun izatea gauza handia da. Horra iristeko dena irabazi behar da, eta ibilbide baten ginga izaten da jardunaldi horri”.
Azkenik, Retegik nabarmendu du leitzarrekin “oso gustura” egon zirela. “Oso giro polita egon zen harmailetan zein pilotarien artean. Plazera izan zen”, amaitu du.
Hona hemen Oiarpek HITZAri helarazitako zenbait irudi:
