Herriko gazteenek hasiera eman diete madalenei
Batuburrunban abiatu dira Errenteria-Oreretako haurrak Koldo Mitxelena plazara. Bertan, txupinazo txikia egin dute musika, dantza eta konfeti artean.
Herriko txikiak izan dira jaiei ongietorria egiten lehenak. 17:15ean Errenteria-Oreretako dozenaka haur elkartu dira Zumardian batukadako kideekin batera, bakoitzak bere instrumentua eskuan zuela: perkusioa, marakak, panderoa…
Herriko kaleetan barna ibili dira aurrera eta atzera musika joaz, atzetik hamaika lagun dantzan zituztela. Batukadarekin batera gurutzatu dute herria haurren guraso, aiton-amona eta senideek, bideoak eta argazkiak egiten, jai hasierako une alaia gogoan izateko.
18:00etarako iritsi dira musikariak Koldo Mitxelena plazara, eta beste haur eta heldu ugari zituzten bertan zain. Izan ere, batuburrunba iristerakoan eman diote hasiera txupinazo txikiaren ekitaldiari.
Süneren Kantauri dantzatu dute oholtzako gazte eta publikoko lagun eta senideek, batukadaren soinua lagun zutela. Abestu eta dantzatu ondoren, jaietako kartelaren irabazlea gonbidatzerakoan, txalo zaparrada artean igo da Ane Rodriguez, kartela eskuetan zuela.
Ekitaldiko une hunkigarriena heltzear zela, kahoot txiki bat egin dute. “Zer egingo dugu gaurko ekitaldian?” galdera erantzuteko lau aukera eman dituzte oholtzako haurrek: txupinazo txikia, inauteriak hasi, txupinazo handia, edo “oraindik lo nago eta ez dakit”. Laugarren aukera erantzun dute behealdeko haurrek, txantxetan.
Eta hala, madalena hauetan ondo pasatzeko egin nahi dituzten jarduerak zerrendatu ostean, txupina botatzeko atzera kontuari ekin diote. “Hiru, bi, bat…” eta konfetiz bete dute Koldo Mitxelena oso-osorik. Jai giroa gailendu da oholtza gainean zein azpian, jendea konfetia harrapatzen edo arropatik kentzen saiatzen zebilela.
Haurren txanda bukatuta, 19:00etan izango da madalenei hasiera ofiziala emango dien txupinazoa, eta gazte eta helduek ere gozatzeko eta jaietan murgiltzeko aukera izango dute.
