Xanistebanetako egitaraua aurkeztu dute
Abuztuaren 2tik 6ra izango dira Xanistebanak, baina hilaren 27an hasita, zenbait ekintzez gozatzeko aukera izango dute oiartzuarrek.
Egun batzuk baino ez dira geratzen Xanistebanetarako. Festak eztanda egingo du abuztuaren 2an Oiartzunen, eta bizilagunak apurka apurka hasiko dira motorrak berotzen. Pozarren izango dira, gainera, herritarrak, gaur bertan argitaratu baitu Jai Batzordeak aurtengo egitaraua.
Abuztuaren 2an izango da txupinazoa, baina aurretik ere izango dira herrian zenbait ekitaldi; tartean, Xanisteban Txirrindulari Saria. Hilaren 27an izango da aurten, eta Iturriotzen izango da 77. probaren irteera eta helmuga.
Era berean, hilaren 31n, Xanistebanetako haurren esku pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte Kontzejupean, 10:00etan. Arratsaldean, berriz, Harri Beltzak-ek antolatutako HIESaren aurkako kontzertua izango da. Juan Mari Beltran laukoteak egingo du emanaldia Done Eztebe elizan, 19:30ean.
Azkenik, abuztuaren 1ean festen hasiera iragarriko duen kultur ekitaldia egingo dute. Arizmendieneako lorategian izango da berau, 18:00etan hasita; bertan, Oiartzun 2025 urtekariaren aurkezpena egin eta sari banaketa egiteaz gain, Ihote Taldea omenduko dute.
Geroago, 18:30ean, eskuz pasaka txapelketako finala izango da Kontzejupean, eta 19:00etan areto futboleko txapelketako finala iango da Elorsoro kirolegian.
Ostirala dantzan amaitzeko, Ameba eta DJ Enabil izango dira Txosnagunean, eta DJ Infernu, berriz, Zimitiyoan.
Xanistebanetako egitarau osoa ikusteko, egin klik hemen.
