Magali Albisu Etxebestek brontzezko domina lortu du Granadan
Oarsoaldeko OTXE JRG Norclamp taldeko kideek "emaitza garrantzitsuak" eskuratu dituzte Bazako Espainiako Txapelketan.
Pasa den asteburuan jokatu dute Espainiako BTT Txapelketa, eta OTXE JRG Norclamp taldeko kideek “emaitza garrantzitsuak” eskuratu dituzte. Magali Albisu Etxebeste izan da taldekideen artean postu gorena lortu duena; zehazki, brontzezko domina lortu du Bazako (Granada) XCO proban.
OTXEkoek jakinarazi dutenez, “lasterketa ausart eta burutsua” egin zuen oiartzuarrak, lehen unetik borrokatu baitzituen podiumeko postuak. Bigarren postuan ere kokatu zen tarte batean, baina azkenean hirugarren postuan amaitu. zuen. Lorpenaz harago, klubeko kideek azpimarratu dute “garaipen berezia” dela Albisurena, Euskadiko Selekzioak XCOn lortutako azken dominatik hamahiru urte igaro baitira.
Albisuz gain, Eneko Olveira Rodrigo 23 urtez azpiko gizonezkoen lasterketan lehiatu zen, eta bosgarren postua eskuratu zuen hark.
Espainiako Txapelketa ostiralean abiatu zen talde errelebo/XCR probarekin; bertan, Euskadiko Selekzioak laugarren postua eskuratu zuen, brontzezko dominatik zortzi segundora. Proba horretan Ane Zubeldia, Magali Albisu, Peio Munduate eta Eneko Olveira lehiatu ziren.
Junior kategoriari dagokionean, Peio Munduate Aizkorretak hamahirugarren postua lortu zuen, Jokin Pozok hogeigarrena eta Manex Olaizek hogeita hamaikagarrena. Junior emakumezkoetan, aldiz, Iraia Zapirain Olasagastik hogeita batgarren postua lortu zuen, eta Ane Zubeldiak hogeita zazpigarren postua lortu zuen XCO modalitatean.
Elite mailari dagokionean, Gexan Albisu lehiatu zen taldetik. Gurpila zulatu zuen Albisuk, baina “lasterketa bikaina” egin eta hamargarren postua lortu zuen.
Asteburu borobila izan da OTXEkoentzat, izan ere, klubak hamar urte bete dituenean, lehen domina eskuratu du BTT modalitateko Espainiako Txapelketa batean.


