Zenbait hegazti askatu dituzte Listorretan
Urnietako Basabizi zentroan osatutako bost sorbeltz askatu zituzten Barrengoloiako aisiagunean pasa den igandean.
Gipuzkoako Parketxe sareak eta Errenteriako Udalak antolatuta, Udako abenturak Listorretan programaren barruan antolatutako aisialdi ekintza egin zuten Barrengoloiako aisiagunean. Zehatzagoak izate aldera, Urnietako Basabizi zentroan osatutako bost sorbeltz askatu zituzten igandean.
Mikel Olano basozaina eta Iker Zubimendi teknikaria arduratu ziren bertaratutakoei azalpenak emateaz, eta hegazti horien bizitzari eta ohiturei lotutako zenbait datu eman zituzten.
Sorbeltzak (Apus apus) enaren familiako txoriak dira, eta urtero 6.000 kilometro inguruko migrazioa egiten dute; are, negua Afrika aldean egiten dute, eta udaberrian Euskal Herrira gerturatzen dira.
Arduradunek emandako datuen artean nabarmentzeko bat, honakoa: hegazti horiek habia egiteko eta berau zaintzeko baino ez diote uzten hegan egiteari. Eta, ildo horretatik, Olanok zehaztu zuen baserri eta etxeen teilatupeetan egiten dituzten habiak babestuta daudenez, puskatuz gero “isun handiak” jar daitezkeela.
Era berean, nabarmendu zuten sorbeltzak eltxo eta euli jaleak direla, eta egunero 2.000 jatera irits daitezkeela. Haatik, kezkaz aipatu zuen txori espezie horren populazioa “beherakada nabarmena” ari dela jasaten. Egoera horren arduradun modura seinalatu zituzten pestizidak eta gizakiak, azken horiek “habi asko puskatzen baitituzte”.
Gaineratu zuten, bestalde, landa ingurunearen gainbehera ez dela lagungarria hegaztientzat.
Alde teorikoa jorratuta, alde praktikoa lantzeari ekin zion Zubimendik. Izan ere, hark Basabizin egiten duten lanaren berri emateaz gain, zauritutako animalia bat aurkituz gero zer egin behar den azaldu zuen.
Xehetasun eta azalpen guztiak eman ondotik, haurren laguntzarekin hegaztiak askatu zituzten.
