Gaintxurizketako autobus geltoki berriak, astelehenetik martxan
Hondarribiarako norantzakokoa Muebles Rey parean dago, eta Donostiaranzkoa Euskotrenen geltokiaren ondoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du Gaintxurizketako autobus publikoen bi geltoki berriak astelehenetik (hilaren 28tik) izango direla erabilgarri. Hondarribia aldera joatekoa Muebles Rey saltokiaren parean dago, eta Donostiarako noranzkoan joatekoa Euskotrenen geltokiaren ondoan. Behin geltoki horien ingurua egokituta, eta geralekuek dituzten elementuak jarrita, horietan autobusek geldialdiak egingo dituzte astelehenetik, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatuak esan duenez. Oraingoz behin-behinekoa den pasabidearen alboan daude bi geltokiak.
Geraleku horiek E20 (Hondarribia>Donostia), E26 (Irun>Donostia N-I), E27 (Hondarribia>Donostia N-I) eta E77 (Hondarribia>Donostia gaua) lineei emango diete zerbitzua. “Lezoko alkate Mikel Arrutirekin eta Gaintxurizketako herritarrekin hartu genuen konpromisoari erantzunez, geltoki berri hauek jarri ditugu martxan, inguruan eskaintzen dugun Lurraldebuseko zerbitzuan jauzi kualitatibo bat emanez, hemendik aurrera herritarrentzako sarbide seguru eta erosoagoa izango baitute eta Euskotrenekiko intermodalitatea ere hobetuko baitute”, adierazi du Azahara Dominguezek.
