«Euskaragatik erabaki genuen hemen geratzea»
Herrira bizitzera etorritakoek egingo dute xanistebanen hasierako sokadantza. Casanova eta Mosquera dira dantzan ariko direnetako bi; kataluniarra da bata, eta ekuadortarra bestea.
David Casanova eta Sandra Mosquera, pleno aretoan. ALAINE ARANBURU Sandra Mosquera: Pixka bat urduri, egia esan. Mundu guztia niri begira egongo denaren sentsazioa daukat, eta horrek urduritasuna sortzen dit. Baina, hori alde batera utzita, ohore bat da niretzat. Gainera, ohorea eta urduritasuna balantza batean jarrita, ohoreak irabazten du.
David Casanova: Ni hasieratik oso pozik nago. Parte hartzeko gogoa daukat, baina urduri ere banago.
Zein da zuen istorioa? Zerk ekarri zaituzte Oiartzunera?
Mosquera: Nik 31 urte daramatzat hemen bizitzen. Bizitza proiektu bat sortu nahi genuen Euskal Herrian, baina Donostiatik gertu egon nahi genuen. Oiartzun aurkitu genuen halako batean, eta euskaragatik erabaki genuen hemen geratzea.
Etorri berria nintzela hasi nintzen euskara ikasten, modu horretara bermatuko bainuen kalean euskaraz hitz egin ahal izatea.
Casanova: Orain dela hamabi urte iritsi nintzen nire familiarekin, eta nire lanagatik etorri ginen hona. Donostian egiten dut lan, eta bizitzeko leku baten bila ari ginela pisu bat aurkitu genuen Oiartzunen. Eta, hemen gaude, oso pozik.
Nola jaso zenuten sokadantza egiteko proposamena?
Mosquera: «Zer egin dut?», izan zen burura etorri zitzaidan lehen gauza. Nik sentitzen dut ez dudala ezer berezirik egin; sentitzen nuena egin nuen. Esan zidatenean ez nuen sinetsi.
Casanova: Ezta nik ere. Hala ere, esan behar dut oso ekintza polita dela herri txiki batean kanpotarrentzat edota kanpotarrekin zerbait antolatzea.
Nola definituko zenukete Oiartzungo bizimodua?
Mosquera: Oso herrikoia. Ikastolaren bitartez ezagutu nuen nik Oiartzungo jende pila bat, eta, gaur-gaurkoz, oraindik ere, kalean ikusten ditudanean pertsona horiek agurtu egiten naute. Are, harremana estuagoa baldin bada gelditu ere egiten dira hitz egiteko.
Ez digute kanpotarrak garela sentiarazten; kontrakoa, herritar sentiarazten gaituzte.
Egia da gure etxean beti saiatu garela herriarekin lotura izaten. Guretzat hori oso garrantzitsua da, eta Oiartzunek eskaintzen ditu aukerak herriarekin loturak egiteko.
Casanova: Nik, horretaz gain, gaineratuko nuke Oiartzunen bizitzeko modua oso lasaia dela; oro har, erosoa da. Niretzat opari bat da.
Sentitzen dut herri honetan inplikazio politikoa oso potentea dela, eta hori niretzat oso garrantzitsua da.
Euskara ikasi duzue biek. Nolakoa izan da hizkuntzaren ikasketa prozesua?
Mosquera: Iritsi nintzela 30 urte baino gehiago dira, eta euskaltegietan ikasi nuen. Hasieran Errenteria-Oreretan jasotzen nituen eskolak, eta geroago Oiartzunen ere bai. Euskaltegietan zein barnetegietan ibilia naiz.
Casanova: Oraindik ez dut ikasi, ikasten ari bainaiz. Oiartzungo euskaltegian ari naiz euskara ikasten.
Nola bizi dituzue xanistebanak?
Mosquera: Nire seme alabek esaten duten bezala, festa onenak dira. Oso giro polit eta herrikoia egoten da. Senarrak eta biok urteak daramatzagu helduen bazkarian parte hartzen, seme-alabek Gazte Egunean parte hartzen…
Txikiak zirenean, esaterako, danborradan ateratzen ziren. Ahal den heinean hartu izan dugu parte beti.
Casanova: Guri ere pila bat gustatzen zaizkigu ekintzak orokorrean. Gure semeek parte hartzen dute jaietako ekintzetan, eta guk ere bai.
Zein da xanistebanetako zuen ekintza gogokoena?
Mosquera: Niri dantza gustatzen zait pila bat.
Casanova: Lagunekin eta familiarekin gauzak egitea.
Hortaz, animatuko zenukete jendea xanistebanetara?
Mosquera: Bai, bai. Giro polita eta lasaia nahi badute, zalantzarik gabe. Giro segurua da, edo hori da nire irudipena behintzat.
Casanova: Bai noski. Gure etxera urtero etortzen dira Kataluniako lagunak, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango.
