Etxekoek irabazi dute desafioa
Lehia bizia egon den arren, elkartasuna izan da desafioko garaile nagusi. Donibandarrek zumaiarren aurka lehiatu dute aurtengoan, eta zenbait proba egin dituzte: igeriketa, lokotxak, ergometroa, ingudea, edota sokatira.
Zumaiarren aurka lehiatu dute elkartasun desafioa aurten donibandarrek. Suziria bota eta ziztu bizian abiatu da igerian herri bakoitzeko ordezkaria, lurrean denak zain zituztela, iritsi bezain laster gainerako herri kirol probei ekiteko.
Donibandarrak arrosez, zumaiarrak gorriz; ahal bezain azkarren ibili dira, desafioa irabazteko esperantzarekin. Herri kirolean ohikoak diren proba guztiak egin dituzte, besteak beste, ingude edo lokotxen proba. Itsas bazterrean egonda, ergometro proba ere izan dute lehiakideek, noski.
Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko hitzordua izanik, aldarrikapenak toki handia izan du desafioan. Denak etxean nahi ditugu leloa behin eta berriz entzutearekin batera, aurtengo testuinguru berezian, Palestinaren aldeko mezuak ez ziren falta. Genozidioa stop lelodun pankarta handia zintzilikatu dute antolatzaileek oholtza azpian.
Hainbeste probaren ondoren, iritsi da bi taldeak osorik elkartu eta parez pare jartzeko unea: sokatira. Ordura arte lan ona egin baldin badute ere, donibandarrek indar guztia aurreko probetan utzi dutela dirudi, zumaiarrak nagusitu baitira sokatiran. Baina, sokatiran baino ez dira nagusitu; desafioa etxekoek, donibandarrek, irabazi baitute.
Hala ere, irabazle argi bat egon baldin bada, elkartasuna izan da hura. Jaietako egitarauan preso eta iheslari politikoen aldeko aldarria plazaratzeko toki bat egitea gutxi ez, eta Pasai Donibane eta Zumaiako parte hartzaileez gain, dozenaka herritar gerturatu baitira elkartasunari bide ematera.
