Oiartzuarrek elkarlanean playlist herrikoia sortu dute
'Udako musika 2025' da playlistaren izenburua eta Spotifyko Oiartzun Musika Euskaraz kontuan aurki daiteke. Parte hartzaileen arteko zozketaren sariak abuztuaren 2an emango dituzte.
Haurtzaroko Eskuttun eta Elizaldeko Ttiriki-ttauki euskara taldeek, udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Ttur-tturrekin elkarlanean, batez ere euskal abestiz osatutako zerrenda bat osatu nahi zuten uda honetarako, eta proposamenak bidaltzeko deia egin zuten ekainean.
Denbora tarte honetan 1.229 proposamen jaso dituzte, 268 kanta ezberdin, eta horiek jaso ondoren playlist-ean izango diren kantak bozkatzeko unea heldu zen.
Bozketa hilabetez zabalik egon ondoren 10 eta 25 urte bitarteko 140 pertsonen botoak jaso dituzte antolatzaileek. Zozketan sartu direnak, berriz, 139 izan dira, pertsona batek beharrezkoak ziren baldintza guztiak betetzen ez zituelako.
Xanistebanetarako, beraz, elkarlanean osatutako playlist herrikoia entzungai izango dute herritarrek: Spotifyko Oiartzun Musika Euskaraz kontuan osatu da zerrenda, eta playlistaren izenburua Udako musika 2025 da.
Kantarik bozkatuenak hauek izan dira: Pakito (Oiartzungo Panterak), Kantauri (Süne), Parazetamol (Zilibito Records). Talderik bozkatuenak: Zilibito Records, Dupla eta Süne. Herriko talderik bozkatuenak: Zilibito Records, Bengo eta Oiartzungo Panterak. Herriko kantarik bozkatuena: Pakito (Oiartzungo Panterak), Parazetamol (Zilibito Records) eta Malibu (Zilibito Records).
Zozketaren emaitzak
Oiartzun Irratiaren uztailaren 29ko zuzeneko emisioan burutu zen zozketa: 3 bozgoragailu eramangarri eta bakarretako fitxez osatutako 3 sorta zozketatu zituzten. Bozgoragailu eramangarrien saridunak Arkaitz Agirre, Clair Davis eta Ibai Rodriguez izan dira. Barraketako 3 fitxa sorten onuradunak, berriz, Uxue Escano, Gunnar Martinez eta Martina Aduriz izan dira.
Sari banaketa abuztuaren 2an izango da, arratsaldeko 16:30ean barraketan, Beheko plazako labaderoaren ondoan.
