"Hurrengo lana beti izango da ezberdina, hori da ederrena"
Lore Artearen Munduko Kopatik itzuli berri da lore diseinatzaile oiartzuarra, laneko furgoneta esperientzia eta une ederrez lepo. Ez da esku hutsik itzuli, meritu handiko hamabigarren postuaz gain, hirugarren diseinu onenaren saria ekarri baitu besapean Herbehereetatik.
Irati Tamarit Buenetxea Joan den asteburuko ajea pasata, orain arte izandako erronka handienean egindakoarekin oso pozik dela dio Tamaritek. Ezustekoak izan badira ere, aurkeztutako artelanetako batek munduko onenen artean txoko bat egin du, aspalditik merezitakoa. 18 urterekin Bartzelonara abiatu zen, eta ordutik mundu osoko erreferenteekin orpoz orpo aritu da, egiten dituen diseinu txiki, ertain eta erraldoi eder eta ikusgarri horietara heldu arte. Haren gurasoen Mari Carmen lore dendan jaso du hitza, nola bestela, lorez inguraturik.
Etxean zaudela jada, zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia bikaina izan da, bihar berriz ere joango nintzateke, inolako zalantzarik gabe. Nahiz eta arazoak izan ditugun, nahiz eta gauza asko pasa diren, bihar berriro hara joatea sinatuko nuke. Orain arte izandako esperientzia politenetako bat izan da ziur aski. Alfonsori [Alfonso Benavente laguntzailea] galdetuz gero, ez dizu gauza bera esango. Berak okerrago pasatu du. Ni lanean aritu naizen bitartean bera ez da egon, laguntzaile guztiak areto batean daude, ez dute gurekin eta lanarekin inolako kontakturik. Ez dakite ezer, eta ordu eta erdi pasa behar izan zuen proba bakoitzean horrela. Baina bera ere oso pozik geratu da egindakoarekin, harro.
Zaila egin al zaizu Herbehereetako Munduko Kopan hainbeste jenderen aurrean aritzea?
Egia esan, ez naiz urduri jarri. Urduri-urduri benetan abuztuko hilabete osoa pasatu dut, hori onartzen dut. Goizeko 04.30ean esnatzen nintzen, urduri. Lo seko egon eta bat-batean esnatu, txapelketako estruktura eroriko zela amesten. Hara proiektu batekin joan ginen, eta soilik gustatzen zaidana egitea falta zen, beste guztia egina zegoelako etxetik. Nerbioek ez dute zentzurik horrelako batean. Bakarrik nago txapelketan. Publikoa hor dago, metro batera, baina ni nire munduan aritu naiz. Jende pila bat zegoen, zientoka ikusle, kamera mordoa, soinu zurrunbilo handi bat… Eta ni nirera.

Tamarit, Munduko Kopan hirugarren izan den bere diseinua lantzen.
12. postuan bukatu duzu txapelketa. Asebeteta egindakoarekin?
Erdi-erdian bukatu dugu txapelketa. Baina, aurkeztu dugun pieza bat, nire proiektuaren giltzarria izan dena, nire alabatxoa dena, txapelketako hirugarren pieza onena izan da. 24 piezetatik hirugarren puntuazio onena jaso du. Pieza hori gure aurkezpen gutuna izan zen. Dena ederki hasi zen, bide onean, baina orduan joan zen dena pikutara.
Zer pasa zen, bada?
Zer ez zaigun pasa, hori da galdera [barrez]. Sukaldaritzarekin gustatzen zait konparatzea. Imajinatu telebistako saio horietako batera joaten zarela eta ez dizutela ezer ere ez ematen, ez zartaginik, ezta elikagairik ere. Proba sorpresetan ez ziguten ezer eman, ez lore, landare ezta estrukturarik ere. Non dago artea hor? Sorkuntza jaio dadin zerbait egon behar du funtsean. Bigarren proba sorpresa horretan Herbehereetako etxe tipiko bati alegoria bat egiteko eskatu ziguten. Etxe beltz txiki bat eman ziguten eta lau landare, lau. Zer egin behar dut horrekin ordu eta erdian? Ez erremintarik, ez baliabiderik. Hori ez da alegoria bat. Jendea, partaideak, harrituta geunden. Antolakuntza penagarria izan da. Lore sorta bat egiteko 120-150 lore erabiltzen ditut, eta 30 eman zizkiguten. Sukaldaritzarekin egindako konparaketa horretan, arrautza bat eman ziguten, eta gatzik ez. Oso arraroa izan da dena. Eta hori Herbehereetan ginela, loreen munduaren sorterrian. Aretoa eta dena lorez beteta zegoen, dena oso polit, baina txapelketan falta ziren. Non dago xarma? Orain arteko txapelketatan ez da hala izan. Espainiakoan, esaterako, kupel handi bat eman ziguten eta milaka lore, gure sorkuntzari hegalak emateko aukerarekin. Nahi genuena egin genuen, sorkuntza bere horretan izan zen.
Beraz, orain arteko erronkarik handiena izan da, bai ala bai, egoera horregatik. Horregatik ez gara oso ongi geratu sailkapenean. Mundu honetan Florint-ek kudeatzen ditu irizpideak, eta gu harago joan gara, gauza arriskatuekin joan gara. Publikoa txoratuta zegoen, denak galdezka, asko gerturatu ziren gugana. Flipatuta zeuden, ez ginelako parametro horietan sartu, baina hau artea da. Parametroetatik ateratzea ez da baloratzen, ezta berritzailea izatea ere. Nahi duguna egin dugu. Irabazi izan bagenu ez dakit zein sentsaziorekin egongo nintzen. Jende askok esan dit nik nahi dudana egin dudala, ni izan naizela, ni ikusi nautela lanean. Eta guri bost epaile horiek zer esaten duten. Jendeak ez zuen ulertzen zergatik bukatu genuen 12. postuan. Epaileek ez zutelako proiektua ulertu, besterik gabe. Guk ulertu dugu, eta partaideek ere bai, Hori da garrantzitsuena, horrekin geratzen gara.
Txiki-txikitatik lorez inguraturik bizi izan zara. Gurasoek Errenteria-Oreretan duten Mari Carmen dendak 50 urte bete ditu jada.
Txikitan mundu hau gorrotatzen nuen. Kazetari edo albaitari izan nahi nuen, baina ez mundu honekin lotutako zerbait. 12 urte nituenean gurasoen dendan bizi nintzen, ordu asko pasatzen nituen bertan, eta orduan ez nuen mundu hori benetan ezagutzen, artearen fazeta hori. Irakasle batek eraman ninduen mundu horretara. 16-17 urte izango nituen orduan. Ama gaixo zegoen, eta ni arduratu nintzen lanaz. Irakasle horrek egun batzuetara amari deitu zion, Bartzelonara bidaltzeko animatuz, gustatuko zitzaidala uste baitzuen hark. Eta hor hasi zen dena. Nire irakasle izan zen gerora. Erokeria izan zen. Irakasle horrekin ohartu nintzen mundu hau ikaragarria zela. Zer da hau? Txundituta geratu nintzen. Hara joan nintzen eta ez naiz itzuli.
Gurasoak eta familia, harro, beraz.
Oso. Aste hauetan gurasoek zientoka mezu jaso dituzte, negar asko egin dugu. Nire amarentzako ni bera naiz, bere erreflexu bat, eta berak izan ez duen bizitza hori bizitzen ari naiz ni. Egiten ari naizen hori egingo luke berak aukera izan balu bere garaian. Beti esan dit hegan egiteko, eta hala egin dut. Asko-asko zor diet gurasoei, benetan. Gutxi ikusten ditut eta gaudenean hemen aritzen gara dendan lanean, ezin hobe. Eta Herbehereetako esperientzia ederra izan da familia osoarentzako, ahaztezina.
Zer da ederrena eta zailena lore diseinuaren munduan?
Koadro batekin alderatuta, adibidez, kontua da koadroa ez dela hilko, eta nire lana bai, ordea. Astebete edo egun batzuetako iraupena dute lanek. Herbehereetan aurkeztu dugun estruktura erabat hil da jada. Hainbeste ordu eta gero, egun batzuetan desagertzen da. Ulertu behar da bukatu egiten dela. Baina hurrengo lana ezberdina izango da, eta hori ederra da, oso. Emaitza beti ezberdina da, jakiekin bezala. Hamabi arrosako sorta bat beti izango da ezberdina, antzekoak izan daitezke, baina ez berdinak. Eta estruktura handietan berdintsu. Momentu horretan ateratzen zaidana egiten dut, eta hurrengoan zerbait ezberdina aterako da, ziur. Ezinezkoa da hala ez izatea. Baditut kideak ordena eta hurrenkera batean aritzen direnak, baina nik ezin dut hori egin, ez naiz robota. Beti zerbait ezberdina ateratzen zait. Jakiekin, hamabost minutuz zerbait marinatu dezakezu, edo hogei minutuz, eta emaitza ez da berdina izango. Eta horretan nabil, bizitza loreekin marinatzen [barrez].
Oso gazte hasi zinen irakasle bezala, ikasketak bukatu eta berehala.
Gaur egun ongi daramat baina gauza handia izan zen. 21-22 urte nituen orduan, eta eskolatik deitu ninduten, bi plaza huts zeudela esanez. Aitari deitu nion orduan, eta honakoa esan nion. «Zer moduz eramango zenuke zure adinaren erdia duen irakasle bat izatea?». Eta aitak ordubete beharko nuela esan zidan, eta arrazoi zuen. Probatzera joan nintzen eta hasiera batean zaila iruditu arren, primeran joan zen dena, eroso sentitu nintzen. Baziren 20 urteko ikasleak, baina baita 55 urtekoak ere. Ikasleekin gertukoa izaten saiatzen naiz, eta beti transmititu diet haien maila berean nagoela. «Nik hau egiten irakatsiko dizut, eta gainditzen banauzu, ederki, primeran!». Autonomoak izaten irakasten diet, hori beharko luke izan helburua. Pentsatu dezatela nahi dut. Ikasle askoren lanekin negar egin dut. Irakaslea naiz, baina laguna ere bai. Beharrezkoa bada berrogei aldiz esplikatuko ditut gauzak, hori baita nire zeregina. Pentsa dezatela, hegalak eman haien sorkuntzari.
Nondik datorkizu inspirazioa?
Ez ditut kotxean kolpe gehiago eman, ez dakit nork nahi izan ez duelako [barrez]. Kotxean noa eta begirada joaten zait. Beti daramatzat guraizeak edo erremintaren bat gainean, eta edonon ikus dezaket inspiratzen nauen zerbait. Munduko Kopan aurkeztu dugun pieza bateko oinarria Oiartzunen jasotako banbu batzuk izan dira. Haiekin topo egin genuen eta esan genuen: «Hau gure arazoen irtenbidea izango da». Askotan pasa izan zait hori. Niretzako bizitza erakusleiho bat da, eta ni erosketetan nabil. Arkitekturatik ere inspirazio asko lortzen dut, baita janaritik ere. Plater bat ikusi eta pentsatu: «Testura hau agian baliagarri izango zait». Eta buru-belarri hasi horretan, buruan nuen ideia hori islatu arte.
