Poesiari aterpe emango diote Oiartzunen
Gaur hasiko dira Poesia Egunak, bi emanaldirekin. Asteburu batean bilduta egotetik ia astebetekoa izatera pasatuko da egitaraua. Etxearen kontzeptuari begiratuko diote.
Aurreko Poesia Egunetako ekitaldi baten artxiboko irudia da honakoa. New Yorken, Broadway eta 26. karrikaren kantoian, biluzirik daudenentzako gauerako aterpea eskatzen zuen gizon batek, Bertolt Brechtek idatzi zuenez. Euskal poesiagintzak ostatu hartu zuen Ean (Bizkaia) egiten zituzten Poesia Egunetan, baina 2018an euskal poesiagintza biluzik geratu zen. Oiartzunen, 2020an, pandemiak ekarritako mortuaren kontrako txertoa jarri zuten Kulturabirusaren bidez. Hasierako ekitaldi horrek mutazioak izan ditu, Arte Egunak izatera pasatuz, lehendabizi, eta iaz Poesia Egunak bilakatu arte. «Oiartzungoa ez da Eakoaren jarraipen zuzena, baina nolabait hartzen du lekukoa», adierazi du Xabi Salaberriak, Oiartzungo Poesia Egunen antolaketan dabilenetako batek. 1545 argitaletxea, Hitzen Lihoa eta Metrokoadroka kolektiboak zein norbanakoek antolatzen dute poesiagintzari aterpe ematen dion ekinaldia.
Gaur hasiko dira Poesia Egunak, datorren ostegunera arte. Egitarauak erakutsiko du poesia ez dela buruan dugun aurreiritzi hori: errezitaldi huts bat. Askotariko ekitaldiak ikusi ahal izango dira, guztiak gai baten inguruan ardaztuta: etxea. Gaia, hori bai, «modu malguan» landuko dute. «Zerk egiten duen etxe bat etxe; zer ulertzen dugun etxe esatean; etxe kaleratzeak daudenean… Ertz askotatik begiratu diogu ideia horri, eta horren arabera antolatu ditugu ekitaldiak», jakinarazi du Salaberriak. Horren adibide da, esaterako, Yolanda Arrieta eta Peru Galbeteren biharko emanaldia; Arrietaren Etxe bat liburuan oinarrituta dago.
Berritasun gisa, etxearen kontzeptuaren eltzekada bana goxatuko dute datozen astelehen, astearte eta asteazkenean, Poeta bat zure sukaldean emanaldi bereziarekin. Herritarren sukaldeetan antolatu dituzte errezitaldiak; Jose Luis Otamendi, Harkaitz Cano eta Itziar Ugarte sartuko dira suaren arrimura, hurrenez hurren. Belaunaldi berriei ere toki egingo diete. Orain arte ekainean 10 eta 18 urte arteko gazteek egiten zuten poesia errezitaldia irailera mugitu dute. Hori izango da egitarauko azkeneko ahapaldia, Iturriozko dorretxean. Palestinari «keinutxoa» egingo diote ekitaldi horren bukaeran, Eider Beobidek Rifqa liburuko pasarteak errezitatuko ditu, Xalbat Ramirezek gitarrarekin lagunduta.
Etxea, irauli
Euskal poesiagintzan kanonikoa da Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poema. Poesia Egunak antolatzeko «lehenengo bileran» aipatu zuten bilbotarraren lana, baina gaia ez dago horri lotuta, Salaberriak argi utzi duenez. Poema hori «ekidinezina» dela aitortuta, «buelta bat eman» nahi izan diote ikuspuntu horri. «Etxea ulertzeko modu horretaz aparte, beste ulerkera batzuetatik ere begiratu nahi genion. Adibidez, guk kultura ulertzen dugu elkartzeko etxe bat bezala».
Asko dira etxeari beste esanahi bat eman dioten poetak. Itxaro Bordak etxea batzuetan «kartzela» dela idatzi zuen, baina, aldi berean, «babes» ere izan daitekeela. Miren Agur Meabek gorputzarekin alderatu zuen: «Nire gorputza da nire etxea, horma hauskor eta leiho gardenekin». Joseba Sarrionandia fisikotik harago joan zen: «Etxerik ez dut, baina oroitzapenak bai, eta oroitzapenak dira nire etxea».
Etxe baten zimenduak bezala finkatzen ari dira Poesia Egunak. Salaberriak onartu du poesiak ez dituela «masak mugitzen», baina jende kopuru polita bildu izan dela aurreko ekitaldietara. Metrika finkoaren barruan sartzen da ibilbide poetikoarena: urtero egin duten jarduera da. «Bidegorriko ekitaldia urtero mantentzen da, eta da bidea pausoka egingo bagenu bezala; horren bueltan antolatzen dira gainontzeko jarduerak. Badu bere arrakasta, jasotzen dugun feedback-a positiboa da».
Ibilaldia bihar (larunbata) izango da. Gaur, estreinako ekitaldia Ainara Lasa Perez oiartzuarrak Poesia Egunetarako propio sortutako «esperientzia sonoro» bat izango da, Tantai izenekoa. 17:30ean izango da, Putxutxoerrekan. Egileak berak aurreratu duenez, Oiartzungo toponimiatik abiatuta, testu batzuk idatzi ditu. Horri Oiartzungo hainbat txokotan grabatutako hotsen erremix-ak gehitu dizkio. 30-35 minutuko emanaldia izango da, eta poesia eta soinu-paisaia horiek tartekatuko ditu.
Badira izena eta esanahia ulertzen ez diren hainbat toponimo. «Ez zait hainbeste interesatzen zergatik eman zion izen hori norbaitek, baizik eta orain hitz hori berreskuratzeko aitzakia emango diguna». Galdera batean laburbildu du ideia: «Hitzak galtzea ez al da lurra galtzea eta hitzak berreskuratzen ditugun neurrian ez al dugu pixka bat lurra berreskuratzen?». Gaur ere bai, 19:00etan, Formol Laborategiak Heriotzak Eduardo du izena «poesia ez-errezitaldia» taularatuko du Landetxen. Online eros daitezke, edo bertako leihatilan, emanaldia hasi baino lehen. Hainbat ikuskera, arte edota moldetatik, poesiaren etxeak badu defendatuko duenik.
Poesia Egunak. Egitaraua.
Irailak 5, ostirala:
- 17:30ean: Tantai esperientzia sonoroa, Putxutxoerrekan. (Ainara Lasa).
- 19:00etan: Heriotzak Eduardo du izena. Poesia ez-errezitala. Formol Laborategia. Landetxen. Sarrera: 5 euro
Irailak 6, larunbata:
- 11:00etan: Ergoienetik Ergoienera, ibilbide poetikoa.
- 14:00etan: bazkaria Auzokalten. Sarrera 10 euro.
- 18:30ean: Etxe bat poesia errezitaldi musikatua. (Yolanda Arrieta eta Peru Galbete). Landetxen. Sarrera: 5 euro.
Irailak 8-9-10:
- 19:00etan: Poeta bat zure sukaldean. Errezitaldiak herritarren etxeetan. (Harkaitz Cano, Itziar Ugarte, Jose Luis Otamendi).
Irailak 11, osteguna:
- 19:00etan: Haur eta gazteen poesia emanaldia Iturriozko Dorretxean.
