Santakrutzetan zentinela eskumuturrekoak banatzeko eskatu du PSE-EEk
Zentinela eskumuturrekoak edarietan substantzia kimikoak detektatzeko daude diseinatuta. Udal informazio guneetan banatzeko eskatu dute.
Zentinela eskumuturrekoaAglaya Creativos Consultora Hilaren 13tik 21era ospatuko dituzte Lezon Santakrutzak, eta, Lezoko PSE-EEk zentinela eskumuturrekoak doan banatzea proposatu dio udalari. Zentinela eskumuturrekoak edarietan substantzia kimikoak detektatzeko daude diseinatuta; “horrela, erabiltzaileek edari hori aizundu den jakin dezakete, mendekotasun kimikoaren ondoriozko erasoei aurrea hartuta”, diote.
Talde sozialistak banaketa Udaltzaingoak egin dezan eskatu du udal informazio guneetan; hala ere, lagundu nahi duen erakunde orori ere luzatu dio deia. Zehaztu dutenez, ekintza horren helburua da emakumeei segurtasun sentsazioa areagotzeko eta jaiez lasaiago gozatu ahal izateko tresna bat ematea.
Joxean Sanchez: “Horrelako neurriek tresna praktiko eta babesgarri bat eskaintzeaz gain, ingurune seguruagoa eta erasorik gabea sortzen laguntzen dute. Emakume guztiek jaiez konfiantzaz eta beldurrik gabe gozatu ahal izatea nahi dugu”.
