Hirugarren AlaBEERga festa, ate joka
Hurrengo asteburuan garagardoa barra-barra izango da Errenteria-Oreretako Alaberga auzoan. 17 zuku dastatzeko aukera izango da aurtengo festan.
Jende ugari gerturatu zen iaz AlaBEERga Festera, garagardoarekin eta jatekoekin gozatzera. Hurrengo asteburuan Errenteria-Oreretako Alaberga auzoan, eta beste urte batez, garagardoa barra-barra izango da. III. AlaBEERga Festa antolatu baitute ordurako auzoko jai batzordeak eta udalak, Alemaniako garagardotegi handi horien itxura hartuko du auzoko plazak beste urte batez. Lau eguneko azoka izango da, ostegunetik (hilak 16) igandera (hilak 19) bitarte izango da zabalik, 18:00etatik aurrera.
Orotara 17 garagardo dastatzeko aukera eskainiko du hirugarren honek, jatorri zein mota askotarikoak: Euskal Herrikoak nahiz atzerrikoak; zerbeza arruntak eta bereziak; txigortuak eta horiak… Aurten, berritasun bezala, lau garagardo mota berri izango dira freskatzeko: bi berezi eta bi arrun. Hortaz, aurten ere eskaintza zabal bezain erakargarria izango da.
Tragoxkei laguntzeko jatekoa ere izango da, noski. Ohi bezala, ukondo errea, saltxitxak eta patatak izango dira. Eta iaz “arrakasta itzela” izan zutelako, torreznoek eta browniak aurten ere errepikatuko dutela iragarri dutie. Zozketak, opariak… Denetik izango da. Eta hirugarren edizio hau biribiltzeko, gainera, zuzeneko musika izango da ostiral eta larunbatean. Astebururako plan biribila.
