PSE-EEk baikor baloratu du "Espainiako Gobernuak Pasaiarekin duen konpromisoa"
Pasaiak milioi bat euro jasoko du hiria berroneratzeko jardueretarako EDIL Planetik. Horrek garapen iraunkorraren eta lurralde kohesioaren aldeko "apustu sendoa" indartzen duela nabarmendu du alderdi sozialistak.
Pasaiako PSE-EEk “oso positiboki” baloratu du Espainiako Gobernuak Oarsoalderako EDIL Plana onartu izana. Plan horri esker, eskualdeko udalerriek 5 milioi euroko finantzaketa jasoko dutela jakinarazi du alderdi sozialistak; horietatik, milioi euro inguru Pasaiara bideratuko dira. Egitasmo horrek garapen iraunkorraren eta lurralde kohesioaren aldeko “apustu sendoa” indartzen duela nabarmendu du udalerriko PSE-EEk. Europako Batasuneko diru funtsa da EDIL, eta Espainiako Gobernuak egiten du Europaren eta erakunde eskatzaileek arteko bitartekaritza.
Alderdi sozialistak Andonaegiko eta Azkueneko hiri inguruko parkeko urbanizazio proiektuaren garrantzia balioan jarri du, biak EDIL Planean sartuta baitaude. Bi proiektu horiek “esanguratsuak” direla baietsi du PSE-EEk, “Pasaiako herritarrek hiri espazio duinak izatea ahalbidetzen dutelako, beren egunerokotasuna garatzeko eta berdeguneez baldintza egokietan gozatzeko”. Lore Suarez udal bozeramaileak esan du PSOEk Espainian agintzen duenean, Pasaiari “ondo” doakiola.
EDIL Plana 2021-2027 EGEF funtsaren barruan dagoela jakinarazi du alderdi sozialistak, eta tokiko garapen iraunkorrerako inoizko zuzkidurarik handiena dela gaineratu du. Pasaiako sozialistek esan dute Espainiako Estatuan 1.774 milioi euro esleitu zaizkiela 242 proiekturi. Horiek, 2.500 milioi euroko inbertsio publikoa mobilizatuko dute 2029ra arte Espainiako 971 udalerritan. Herri gehienak 10.000 biztanletik beherakoak eta garapen txikiagoko eskualdeetan kokatuta daudela adierazi du PSE-EEk. Estatuaren ekarpena proiektu bakoitzaren finantzaketan %40 ingurukoa dela zehaztu du alderdi sozialistak. Gainontzeko kostua udalerriek jarri behar dute.
“Pedro Sanchezen gobernuaren ahalegin hori EH Bilduren eta Podemosen Pasaiako gobernu taldeak egin behar du. Izan ere, maila emateko eta proiektuak garaiz aurkezteko gai ez badira, aukera historiko bat galduko da. Espainiako Gobernutik ere dirua jaso zuen beste proiektu garrantzitsu bat nola gauzatzen ari den kezkatzen gaitu, Luzuriagako eraikinaren birgaitzea, hain zuzen ere”, adierazi du Suarezek.
Udalerriko PSE-EEk nabarmendu du Espainiako Gobernuaren estrategia beti izan dela lurraldearen kohesioa eta berroreka bermatzea, eta horrek baliabide gehiago dakarzkiela Oarsoaldea bezalako eskualdeei. Politika horrek aukera berdintasunaren eta guztiontzako etorkizun duin baten aldeko apustua egiten duen herrialdearen ikuspegiari erantzuten diola zehaztu du alderdi sozialistak.
