'Karmele' filma eskualdera iritsi da
Errenteria-Orereta eta Oiartzunen ikusteko aukera izango da datozen egunetan, Niessen eta Landetxen aretoetan.
Aurreko astean heldu zen Euskal Herriko zinematara Karmele filma, eta noski, Oarso-Bidasoan ere ikusteko aukera izango da. Gaurtik hasita, Oarso-Bidasoko hiru zinema edo aretotan izango da ikusgai Txintxua films-en azken lana.
Irunen gaur (hilak 17), bihar (hilak 18) eta etzi (hilak 19) izango da ikusgai, Ocine Mendibilen. Errenteria-Oreretako Niessen aretoan ere proiektatuko dute Asier Altunak zuzendutako filma, gaurtik hasita datorren ostegunera arte, hainbat ordutegitan. Oiartzuarrek ere etxetik gertu ikusteko aukera izango dute, datorren ostegunean (hilak 23, 19:30ean) botako baitute filma, Landetxen.
Sinopsia: 1937. Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratzen dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasotzen du, dantza- eta musika-ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Bertan, Txomin ezagutzen du, tronpeta-jole profesional bat, eta harekin maitemintzen da. Denboraldi batean Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera bueltatzen da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.
