Emozioak, ideiak edo istorioak kontatzen dituzten artista liburuen erakusketa
Ostiralean zabaldu zuten Gipuzkoako Artista Liburuaren X. Topaketaren baitan antolatu duten artista liburuen erakusketa. Bihar arte izango da ikusgai Merkatuzarren.
Irailean eman zioten hasiera Gipuzkoako Artista Liburuaren X. Topaketari. Arteliburu21 elkarteak antolatzen du eta azarora bitarte hamaika hitzordu antolatu dituzte. Asteburu honetan, hilaren 17tik 19ra, artista liburuen erakusketa ezarri dute Merkatuzarren, eta ekitaldi honetako koordinatzailea izan den Luis Barriosekin izan da HITZA.

Luis Barrios, hark egindako lan baten alboan.
Lehenik eta behin, artista liburu bat zer den azaldu du Barriosek. Haren hitzetan, artista liburua sormenezko generoa da, “erabat berritzailea eta batzuetan probokatzailea dena”. Oro har, liburu konbentzional baten tamainako lanak egiten dira, baina aurtengo topaketaren berrikuntzetako bat ohikotasun horretatik at dauden lanak biltzea izan dela azaldu du: “Ohikoena liburu konbentzional baten tamainako lanak egitea izaten da, eskuekin erraz maneiatu daitezkeenak. Gure elkartean, ordea, uste dugu artista liburuekin esperimentatu egin behar dela”.
Azaldu duenez, artista liburuak eskultura formatuan sor daitezke ere, eta horietako askok, gainera, ez dute hitz bakar bat. “Izan ere, artista liburuek ez dute zertan hitzik izan. Objektuak berak liburuarekin edo haren filosofiarekin nolabaiteko erlazio bat izatea nahikoa da artista liburu kontsideratzeko”. Beraz, eskultura horiek emozioak, sentsazioak, ideiak edo istorioak kontatzen dituzte, hitzekin edo gabe.
Aurtengo ekitaldian, berrogeita hamar artista eta kolektiboren lanak jaso dituzte. Horietako bakoitzaren lana, gainera, oso ezberdina da, eta horregatik, halako topaketak sinergiak sortzeko eta ideia berriak hartzeko baliagarriak zaizkiela iritzi du Barriosek: “Horretarako sortu ginen, jende ezberdinen topaleku izateko. Denok berdinak bagina oso aspergarria izango litzateke. Dibertsitate horretatik sortzen da aberastasuna, eta guretzat hori esentziala da”.
Zentzu horretan, artistak, oro har, beren konfort zonatik atera eta ez dakitena egitera animatu ditu Barriosek. Haren ustez hori egiteak “artistaren adimena zabaldu eta asko ikastea” ahalbidetuko baitio.
