'Mundo eta universo' performance kolektiboa sortu du Metrokoadrokak
Eako HEA kultur elkartearekin batera egingo dute estreinaldia azaroaren 1ean, Ean. Behin baino ez dute egingo emanaldia.
HEA kultur elkarteak eta Metrokoadroka kolektiboak Mundo eta universo performance kolektiboa estreinatuko dute azaroaren lehenengoan, Eako Eskolondo kultur etxean.
Azaldu dutenez, uda aurretik Eakoek burutu zuten ikerketa baten berri eman zieten Metrokoadrokoei, eta material horrekin “zerbait artistikoa” egin nahi zutela esan zieten. Dirudienez, XX. mende hasieran Mundo eta Universo izeneko bi anai bizi ziren Ean; jaiotza agirietan izen horiek agertzen dira. “Zer istorio ezkutatu daiteke horren atzean?” galderatik abiatuta ondu dute ikerketa Eakoek, eta lanak dituen “hutsuneak” artearekin bete ditu Metrokoadrokak.
Metrokoadroka artista sareko hemeretzi artistek osatu dute performance hori, eta haren hasiera eta bukaera elkarrekin egingo dituzte denek. Alabaina, erdian “museo bizia” egongo da zabalik, eta bertan artista horiek talde txikietan sortutako piezak ikusteko aukera izango da. Museoko pieza bakoitza ikerketari geratu zaion “hutsune” bat osatzen saiatuko da artearen bidez, eta piezetan antzerkia, literatura, dantza, arte plastikoak eta argiak izango dira nagusi. Alabaina, sortzaileek azpimarratu dute emanaldi hori behin baino ez dutela egingo.
Honakoak dira parte hartzaileak: Ainara Lasa, Ainhoa Alberdi, Andrea Berbois, Ane Zabala, Arantxa Ezkerra, Asier Sarasola, Edurne Azkarate, Galder Perez, Idoia Beratarbide, Imanol Garcia, Iraia Elias, Javier Barandiaran, Jurdana Otxoa, Jurgi Sarasola, Maite Aizpurua, Oier Guillan, Oihana Vesga, Oscar Picazo eta Rakel Salinas.
Honako irudiak Ainara Lasa Perezek sortu ditu performancerako.



Egitaraua
- 17:00. Topaketa eta desfilea Eskolondoraino parte hartzaileekin eta publikoarekin.
- 17:45-19:00. Mundo eta Unversoren museo bizia zabalik egongo da Eskolondon.
- 19:00. Amaierako pieza artista guztiekin, Eskolondoko frontoian.
