Oarsoaldeko bost ikastetxek 50/50 proiektuko sariak jaso dituzte
Karmengo Ama, Elizalde Herri Eskola, Lezo Herri Eskola, Cristobal Gamon ikastetxea eta Bizarain Ikastola saritu dituzte eraginkortasun energetikoan lortutako emaitzengatik.
Oarsoaldeko bost ikastetxe publikok, hala nola, Karmengo Ama ikastetxeak, Elizalde Herri Eskolak, Lezo Herri Eskolak, Cristobal Gamon ikastetxeak eta Bizarain ikastolak 50/50 proiektuko sariak jaso dituzte berriki “eraginkortasun energetikoan lortutako emaitza bikainengatik”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak sustatutako proiektua da 50/50, eta haren helburua da ikastetxeak jasangarritasuneko gela bizi bihurtzea.
Are, egitasmo horren helburua energiaren eta uraren kontsumoa denbora errealean monitorizatzeaz gain, aurreztea “sari ukigarri eta hezigarri” bihurtzen du. Honakoa da proiektuaren funtzionamendua: aurreztutako diruaren %50 zuzenenean hezkuntza komunitatean inbertitzen dute beren proiektuak finantzatzeko, eta, beste %50, berriz, udal instalazioetako eraginkortasun hobekuntzetan inbertitzen da “aurrezpen zirkulu bertutetsu bat sortuz”.
Honakoak izan dira lortutako zifrak:
- Bizarain ikastola: 2.275,36 euro.
- Cristobal Gamon ikastetxea: 0 euro. Aurreztu ez badute ere, beren lana balioan jartze aldera “energiaren zaindari” diploma eman zioten.
- Lezo Herri Eskola: 814,13 euro.
- Elizalde Herri Eskola: 3.962,28 euro.
- Karmengo Ama ikastetxea: 2.000 euro.
Txeke banaketa ekitaldian ikastetxe bakoitzeko energia taldeek aurkeztu zituzten aurrezkiak lortzeko ezarritako neurriak zein izan diren.
Ekitaldian zenbait erakundetako ordezkariak izan ziren; ondokoan, hurrenez hurren: Gloria Vazquez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendaria; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea eta Oarsoaldea garapen agentziako lehendakaria; Teo Alberro, Pasaiako alkatea eta Oarsoaldeako kontseiluko kidea; Yolanda Martin, Errenteriako zinegotzia, Itsaso Cruz, Errenteriako zinegotzia; Jon Legorburu, Lezoko zinegotzia eta Agustin Lekuona, Oiartzungo zinegotzia.
