35 kontratu handi eta 9,9 milioi euroko bolumena ditu udalaren kontratazio planak
Oiartzungo Udalak 2026rako osatu duen kontratazio planaren berri eman du. 35 kontratuek herritarren bizi kalitatea hobetuko dutela dio Joana Mendiburu alkateak.
Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea, Lanbarren industrialdea berritzeko hasitako lanak gainbegiratzen. Oiartzungo Udalak 2026an zehar martxan jarriko dituen kontratu handien planifikazioa egin du; 35 obra, zerbitzu eta hornidura handi gauzatzea aurreikusi dute hamabi hilabeteetan zehar, eta kontratuen iraupean kontuan hartuta, 9,9 milioi euroko bolumena du planak.
Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak adierazi duenez, “anbizio handiko plana” da osatu dutena, eta, haren hitzetan, “begirada luze eta zabalarekin” egin dute.
Kontatu duenez, 2023-2027 legealdia hastean “Oiartzun berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna” egiteko zenbait proiektu martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten. Eta, bide horretan, nabarmendu du “mugatuak” diren udaleko baliabide ekonomiko, pertsonal eta materialak “ongi kudeatuz”, asmo eta proiektu horiek egikaritzeko burutu beharreko kontratazioak eta barne lanak egiten “asmatu” dutela nabarmendu du. “Aurreko legealdietan hasitako bidea jarraituz, 2023an herriko beharrak identifikatu eta lehentasunak ezarri genituen. Planifikazio eta kudeaketa onari esker urte hauetan joan gara egitasmo horiek martxan jartzen eta 2026rako onartu dugun kontratazio plangintza honekin, legealdirako hitz eman genituen proiektu guztiak gauzatzen bukatuko dugu”.
Horretaz gain, Mendiburuk aipatu du datozen hilabeteetan egingo dituzten 35 kontratuek “herritarren bizi kalitatea hobetuko” dutela. Zenbait motatako obra eta zerbitzuak martxan jartzeko gauzatu dituzte kontratazioak, eta, besteak beste, herriko ekonomia zaindu eta Lanbarren industria gunea biziberritzeko 735.000 euroko balioa duten bost obra kontratatuko dira. Gainera, mugikortasunaren alorrean, Xorrola zerbitzua eta autobus berriaz gain, bidegorria luzatzeko hainbat obra ere lizitatuko dituzte.
Kultura bultzatuz
Udaletik azaldu dutenez, kulturak garrantzia berezia du aurtengo kontratazio planean, irailetik aurrera martxan egongo den udal musika eskola berriaren lizitazioa era eraikina egiteko obra ere aurreikusi baitituzte. Planak, era berean, herri kohesioa ere “oso presente” du, eta, besteak beste, emakumeentzako aholkularitza juridikoa zabaldu edota hotzaren kontrako zerbitzua, esku hartze psikosoziala edota arreta goiztiarra emateko zerbitzuak lizitatuko ditu udalak.
Bestalde, azpiegitura berriak sortzeko eta dituztenak berritzeko kontratazioak ere egingo dituzte: haurrentzako parke estali bat, Elizalde eskolako patioaren eraldaketako fase berria, bidegorria komun gehiago, liburutegia berritu, kiroldegia egokitu zein bizikletentzako aparkaleku estaliak atondu. Gainera, 2025. urte bukaeran lizitatu diren zenbait obra aurten exekutatuko dituzte, esaterako, Altzibarren eraikiko den gune estalia.
Horretaz guztiaz gain, alkateak nabarmendu du planak duen bolumena “oso handia” dela: “Gure tamainako udalerriekin alderatuta, ez da batere ohikoa udal bat hainbeste kontratu kudeatzeko gai izatea, konplexutasun handia baitu bai ikuspegi teknikotik bai antolaketa eta baliabideen aldetik”.
Plangintza “errealista eta anbizio handikoa”
Mendiburuk, bestalde, aipatu du plana “anbizio handikoa” izateaz gain, “errealista” ere badela, eta horren adibide gisara 2025eko lorpenak zerrendatu ditu. “Iaz 27 kontratu handi egitea aurreikusi genuen. 36 egin genituen azkenean, 9 gehiago. Exekuzio maila oso altua izan dugu eta udal langileei eskertu nahi diet erakutsi duten elkarlanerako eta koordinaziorako gaitasun itzela”.
Kontratazio publikoa lehian oinarritutako sistema dela azaldu du alkateak, eta horrek onura zuzena duela diru publikoaren erabilera onean. “2025ean egin ditugun lizitazioei esker, udalak 1,2 milioi euro aurreztea lortu du aurreikusitako prezioa baino merkeago esleitu baitira hainbat kontratu. Datu horrek argi erakusten du diru publikoa arduraz, eraginkortasunez eta zorroztasunez erabiltzeko dugun konpromisoa”.
“Oiartzungo Udalak gardentasuna lehia eta kudeaketa ona uztartzen ditu, betiere oiartzuarren interesak eta diru publikoaren erabilera arduratsua ardatz hartuta”, amaitu du alkateak.
