Gaur, Karlos Saldise hil zutela 46 urte
Hil zuten tokian, Aralar kaleko atarian, lore sorta eta begizta belzdun ikurrina jarri ditu herriko ezker abertzaleak.
Gaur, 46 urte bete dira Karlos Saldise Korta (Pasai Donibane 1947, Lezo 1980) hil zutela. Bi indar parapolizialek bere egin zuten hilketa egun gutxira, Batallon Vasco Españolek eta Grupos Armados Españolesek. Egun, oraindik ere, ez da hiltzailearen edo hiltzaileen gaineko berririk; ez ustezko egilerik, beraz, justiziarik ere ez. Hil zuten tokian, Aralar kaleko atarian, lore sorta eta begizta belzdun ikurrina jarri ditu herriko ezker abertzaleak.
Arratsalderako aitortza ekitaldia antolatu du Sortu, Karlos Saldise plazan, 19:30ean. “Heldu da garaia zein diren krimen horien arduradun zuzenak eta zeharkakoak argitzeko”, esan zuten iaz Sortuk egindako aitortza ekitaldian. “Estatu terrorismoa” baliatu zutela azaldu zuten, “era zigorgabean giza eskubideak urratu eta erailtzeko. Bitartean, egia jakiteko eskubiderik gabe jarraitzen dugu”.
Karlos Saldise, Eusko Jaurlaritzaren 2016/12 legeak hala aitortuta, giza eskubideen urraketaren biktima gisa izendatua izan zen 2023ko abenduan.
