"Repsol bezalako multinazionalen proiektuei irmoki ezetz esatea beharrezkoa da"
Bianditz Domiko eta Urumeako Mendiak Bizirik taldeek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Lintzirinen.
Bianditz Domiko eta Urumeako Mendiak Bizirik taldeek deituta, “Repsolen praktika ekozida eta kolonialak salatzeko” elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Lintzirinen.
“Multinazional honek hamarkadak daramatza mundu osoan zehar bizitza suntsitzen. Ezagutzen dugun enpresa kutsakorrenetako bat izateaz gain, hegoaldeko zapaldutako herrietan txikizioak egiten jarraitzen du gaur egun ere, bertako herriak eta ingurune naturalak suntsituz”, hasi dute irakurketa.
Horretaz gain, gaineratu dute urtarrilaren hasieran “denek” ikusi dutela Josu Jon Imaz “Trumpen mesedeetara lanean, azken hori eskerrak ematen Venezuelako hiriburua bonbardatu eta bertako presidentea bahitzeagatik, bertako ondasunak lapurtzen jarraitzeko”.
Era berean, nabarmendu dute erregai fosilen negozioan sakontzen duen bitartean, “multinazional bera Artikutza, Arano, Goizueta, Hernani, Lesaka eta Oiartzun inguruko mendiak txikituaz kapitala metatzen jarraitu nahi duena, oraingoan 200 metroko altuerako haize errotez osatutako makro zentral eolikoak jarriaz”.
Are, gehitu zuten Endesa multinazionalak ere beste proiektu bat daukala hemen, eta, bide horretaz, argi utzi zuten ez dutela horrelakorik babestuko. “Hau ez da guk egin nahi dugun ibilbidea; Repsol bezalako multinazionalen proiektuei irmoki ezetz esatea beharrezkoa da. Makro proiekturik ez hemen ez inon! Mendien industrializazioa gelditu! Repsol eta Endesa kanpora!”

